Mundua -

Sarraskia

150-200 hildako inguru etnien arteko liskarretan Nigerian

Artzain musulmanek nekazari kristauen zenbait herri eraso dituzte fusil eta aihotzekin armaturik. 75 etxebizitza eta zenbait auto erre dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

150 eta 200 lagun inguru hil egin dira Nigerian Plateau estatuan, herrialdearen iparraldean, izan diren liskar etniko-erlijiosoetan.

Fulani etniako Artzain musulmanek nekazari kristauen hiru herri eraso dituzte gauean. Fusilekin, metrailetekin, errebolberrekin eta aihotzekin armaturik, Dogo Na Hauwako, Ratsateko eta Jejiko etxebizitzetan sartu dira gaueko 02:00ak eta 5:00ak artean eta bertan zeuden herritarrak, batez ere emakumeak eta umeak, hil egin dituzte.

75 etxebizitza eta zenbait ibilgailu erre egin dituzte. Lekuko baten arabera, erasoa "oso ondo prestatu zuten. Fulani artzainek mendietatik jaitsi eta herritarrak sarraskitzeko operazioa aurrera eraman dute".

Agintariek ez dute sarraskiaren arrazoiei buruz hitz egin, baina iragan urtarrilean beste 300 lagun hil egin zituzten eremu berdinean antzeko egoeran.

2008ko azaroan, ehunka lagun hil eta milaka haien etxeetatik ihes egitera behartu zituzten indarkeria bolada baten ondorioz, hauteskundeetako emaitzak berandutu egin zirelako, talde armatuen artean liskarrak sortuz. Kristauen eta musulmanen arteko istiluek 12.000 lagun baino gehiago hil egin dituzte Nigerian 1999. urtetik, "sharia" edo lege islamiarra ezarri zutenetik herrialdeko iparraldeko 12 estatutan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea