Mundua -
Gabonetako oporretan
Ekaitz handiek gutxienez 15 hildako utzi dituzte Estatu Batuetan
Aurkako eguraldia herrialdeko hego-ekialdean ari da kalteak sortzen; hain zuzen, Gabonetako denboraldia hasi berri da, eta aurreikusita dago 100 milioi estatubatuar ere bidaiatzea.
Agencias | Redacción
Estatu Batuetako hego-ekialdean eragiten ari diren ekaitz handiek gutxienez 15 hildako utzi dituzte, Gabonetako oporrak hasi diren garaian, bertako komunikabideek jakitera eman dutenez.
Mississippin zortzi lagun hil dira, hainbat ekaitzek eta tornadok jo ostean, eta bi lagun desagertuta daude; Tennesseen eta Arkansasen ere beste sei hildako gehiago izan dira.
Mississippin hildakoen artean, 7 urteko neskato bat dago. Bere familiarekin zegoen ekaitzek kaltetutako autobide batean, kamioneta batean. Neskatoaren ahizpa txikia eta gurasoak zauritu ziren eta ospitaleratuta daude.
Alertak, indarrean
Halaber, Alabamako eta Georgiako ipar-mendebaldeko herritarrak eurite eta balizko uholdeetarako ari dira prestatzen. Tennesseen indarrean jarraituko dute alertek astebururako, AEBko Meteorologia Zerbitzuak jakinarazi duenez. Tornado bat lehorrera heldu zen Birminghametik gertu, Alabaman, ostiral arratsaldean, eta hainbat etxe suntsitu zituen, baina ez zen hildakorik izan.
Ekaitzak ari dira jotzen Estatu Batuetan garai jakin batean non herritarren mugikortasuna oso handia den, alegia, Gabonetako denboraldiaren hasieran. Aurreikuspenek diote 100 milioi estatubatuar bidaiatuko direla, gehienak errepidez (91 milioi).