Mundua -

Ekialde hurbila

AEBek gaitzetsi egin dituzte Jerusalemeko kolono-gune berriak

Benjamin Netanyahuren Gobernuak iragarritako proiektua "hemen izan ditudan elkarrizketa eraikitzaileen kontrakoa" dela, esan du Joe Biden AEBetako presidenteordeak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jerusalemeko kolono-guneetan 1.600 etxebizitza berri eraikiko dituela iragarri du Israelek eta "ekimen mota horiek behar dugun konfiantza ahultzen" dutela salatu du gaur Joe Biden AEBetako presidenteordeak.

Jerusalemen egindako adierazpenetan, Benjamin Netanyahuren Gobernuak gaur iragarritako ekimena "hemen izan ditudan elkarrizketa eraikitzaileen kontra doa", esan du AEBetako presidenteak.

"Negoziaketak babestuko dituen atmosfera bat sortu behar dugu, eta ez negoziaketei oztopoak jarri", adierazi du AEBetako agintariak. Israel bisitatu ostean Palestinara eta Jordaniara joango da Biden.

Palestinako lurraldeetan etxebizitza berriak eraikitzeko "Israelgo Gobernuak hartutako erabakia gaitzesten dut", errepikatu du Bidenek.

Gibbs

Robert Gibbs Barack Obama presidentearen bozeramaileak Israelen iragarpena gaitzetsi eta berehala etorri dira Bidenen adierazpenak.

Obama presidentea Etxe Zurira heldu zenetik, duela 14 hilabete, AEBek eta Israelek harreman hotza izan dute, besteak beste, Washingtonek kokalekuen eraikuntza gelditzea eskatu ziolako Tel Avivi.

Israelek Palestinako lurraldean 1.600 etxebizitza judu berri eraikitzeak bake elkarrizketa "porrotera eramango du" hasi baino lehenago, Palestinar Aginte Nazionalaren (PAN) hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea