Mundua -

Iruzkina

Zisjordaniako kolonizazioak bere horretan jarraitzen du

Asentamendu horiek benetako hiriak dira, beren zerbitzu guztiekin. Batzuetan txikiak dira, baina batzuek badituzte 50.000 biztanle inguru eta badira 100.000 lagunentzat eraiki nahi direnak ere.

Jesus Torquemada

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zisjordaniako lurralde okupatuan israeldarrentzako soilik izango diren hirien eraikuntza bihurtu da oztopo nagusienetakoa palestinarrekiko bakea lortzeko.

Egoki izango da argitzea asentamendu direlako horiek benetako hiriak direla, beren zerbitzu guztiekin. Batzuetan txikiak dira, baina batzuek badituzte 50.000 biztanle inguru eta badira 100.000 lagunentzat eraiki nahi dituztenak ere. Eta kolonizazio lana betetzen dute:palestinarrak egotzi egiten dira beren lurretatik, hantxe eraikitzen dira hiriak eta ondoren porlanezko harresiz inguratzen dira palestinarrek sartzeko modurik izan ez dezaten. Bestela esanda, egunetik egunera lurralde gehiago kentzen zaie palestinarrei. 300 mila inguru israeldar bizi da dagoeneko Zisjordanian, honelako kolonietan.

Etorkizuna duen Estatu palestinar bat eraikitzeko, israeldar horiek ebakuatu beharko lirateke, baina aski da horietako edozein kolonia bisitatzea, Ma’ale Adumin, adibidez, Jerusalem alboan, argi eta garbi ikusteko ez daukatela handik inoiz joateko inolako asmorik.

Joan den azaroan, Israelgo lehen ministroak agindu zion Obamari hamar hilabetetan ez zela horrelako etxe gehiago eraikiko. Bada, handik lau hilabetera, Netanyahuk jan du hitza. Eta hain zuzen ere, hantxe bisitan denean Joe Biden, AEBetako presidenteordea.

Washingtoni muturrean eman dio, itxuraz Israelek duen lagunik onenari. Hori ikusita, Bidenek hitzezko gaitzespena adierazi behar izan du, nola ez, baina ez dirudi Obama urrunago joango denik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea