Mundua -

Kuba

Fariñas ospitaleratu dute 16 egun gose-greban eman ostean

Disidente kubatarrak konortea galdu du Santa Clarako etxean eta ospitalera eraman dute. Oso gaixo diren 26 preso politikoren askatasuna eskatzeko hasi zuen protesta Fariñasek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guillermo Fariñas disidente kubatarra ospitalera eraman dute gaur zorabio bat izan eta gero. Fariñasek 16 egun daramatza egarri eta gose-greban. Duela aste bete konortea galduta eta deshidratatuta eraman zuten ospitalera lehen aldiz.

Fariñasek konortea galdu du Santa Clarako etxean, uharteko erdialdean, eta Arnaldo Milian Castro ospitalera eraman dute bisitatzen ari ziren senideek eta kazetariek.

Zorabiatu baino lehen, medikuek bisitatu zuten eta anbulantzia batean zentro batera joateko eskatu zioten txekeo bat egiteko, izan ere, bere osasun egoerak okerrera egin zuen.

Gose-greba utziko ez duela errepikatu zuen Fariñasek, eta bere kordean den bitartean ospitalera eramango ez zutela esan zuen.

Azkenik, medikuek disidentearen ezezkoa onartu zuten eta gernu lagin bat hartu zioten etxean. Ondorioz, ez ziren bertan Fariñasek zorabioa izan duenean.

Orlando Zapataren heriotza

Duela bi aste hasi zuen greba Fariñasek, oso gaixo diren 26 preso politikoren askatasuna eskatzeko eta Orlando Zapata Tamayo preso disidentearen heriotzaren kontra protesta egiteko. Ia hiru hilabete eman zituen Zapatak gose-greban.

Azken hamarkadetan 11 urte baino gehiago eman ditu kartzelan Fariñasek, eta 1995etik 23 gose-greba baino gehiago egin ditu. 2006an sei hilabeteko gose-greba bat egin zuen, nahiz eta tarteka benabarnetiko elikadura jaso ospitale batean.

Zapataren heriotza gaitzetsi du Europako Parlamentuak eta preso politiko guztiak (200 bat, disidenteen arabera) berehala aske uztea eskatu dio Raul Castroren Gobernuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea