Mundua -
Eskandalua
Pederastiaren Irlandako biktimei barkamena eskatu die Aita Santuak
Horretaz gain, erasoak jazo ziren Irlandako elizbarrutietan eta seminarioetan ikerketak egitea agindu du.
Erredakzioa
Sexu abusuak direla-eta, eskutitza zuzendu die Aita Santuak, Irlandako katolikoei. "Lotsa eta nazka" sentitzen dituela esan eta apaiz horiek, jainkoaren aurrean erantzun beharko dutela adierazi du Aita Santuak.
Halaber, Benedicto XVIk errieta bota die Irlandako gotzanei gertatutakoa era "deitoragarrian" kudeatzeagatik.
Era berean, hainbat urteetan zehar hamaika adingabek pairatutako sexu erasoen biktimei bere "laguntasuna eta elkartasuna" luzatu die.
Erreakzioak pastoralaren aurrean
Irlandako Eliza Katolikoak pastorala eskertu dio Aita Santuari eta biktimentzat, ordea, gutunaren edukia etsigarria da.
Kaltetuen ustez, Aita Santuaren gutuna "motz geratzen da biktimen kezken tratamenduan" eta soilik maila baxuko apaizak kritikatzen ditu.
Aita Santuak atzo sinatu zuen gutuna eta Vatikanoak jakinarazi duenez, biharko elizkizunetan Irlandako eliza guztietan irakurriko dute.
"Kezka sakona"
Aita Santuak behin baino gehiagotan bildu da Irlandako apaizekin eta bere "kezka sakona" adierazi du adin txikikoen kontrako sexu gehiegikeriengatik eta horrelako ekintzak eta erasotzaileak ezkutatzen dituzten pertsonengatik ere.
Eskola eta erakunde katolikoetan gertatutako sexu gehiegikerien eskandalua Europako hainbat herrialdetan zehar zabaldu da, tartean, Alemanian, Austrian eta Holandan.