Mundua -
Ekialde Hurbila
Netanyahu: "Jerusalem ez da kolono-gunea, gure hiriburua baizik"
Israelgo lehen ministroak aurre egin dio AEBetako Gobernuari, gaur Barack Obamarekin batzartu baino ordu batzuk lehenago.
Erredakzioa
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak aurre egin dio astelehen honetan AEBetako Gobernuari, Barack Obama presidentearekin biltzeko bezperan.
Hain zuzen ere, hitzaldi bat eskaini du AIPAC AEBetako lobby juduaren urteroko bileran, Washingtonen, eta zera esan du Hillary Clinton Estatu idazkaria aurrean zegoela: "Herri juduak Jerusalem eraiki zuen duela 3.000 urte, eta herri juduak Jerusalem eraikitzen jarraitzen du gaur egun. Jerusalem ez da kolono-gunea, gure hiriburua baizik".
Kolono-guneetan etxebizitza gehiago eraikitzeko Israelgo Gobernuak iragarritako proiektuak izoztu egin ditu azken aldian herrialde haren eta AEBen arteko harremanak.
Gainera, proiektu horren ondorioz, palestinarrek hautsi egin dituzte israeldarrekin hastekoak zituzten bake-negoziazioak.
Israelek aipatu proiektua iragarri zuenean, Hillary Clintonek ika-mika publikoak izan zituen Netanyahurekin, baina ondoren bi Gobernuak gertatutakoari garrantzia kentzen saiatu dira.
Bilera Obamarekin
Hain justo, Netanyahu Obamarekin batzartuko da gaur arratsaldean Etxe Zurian.