Mundua -
Internet
Konpromiso idatzia urratu izana egotzi dio Txinak Googleri
Astelehen honetan, Txinan duen bilatzailean zentsura egiteari utziko diola iragarri du Googlek.
Erredakzioa
Txinako Gobernuak "konpromiso idatzia" urratu izana egotzi dio Google erraldoari, Estatu Kontseiluaren Bulegoko bozeramaile batek informatu duenez.
Atzo, Googlek iragarri zuen Txinan duen bilatzailean zentsura egiteari utziko diola, eta hemendik aurrera txinako erabiltzaileak Hong Kongeko bilatzailera bideratuko dituela, zentsura saihesteko.
Hain zuzen ere, google.cn helbidean sartzen diren erabiltzaileak google.com.hk helbidera bideratuko dituzte.
Horrela, konpainiak saihestu egin nahi du Txinako Gobernuak inposatutako zentsura.
Txinan egindako bilaketen %30 Googleren bitartez egiten dituzte. Duela lau urte, konpainiak bere bilatzaileak iragazki bat ezartzea onartu zuen, Txinako merkatuan sartu ahal izateko.
Norabide aldaketa urtarrilean etorri zen, pirata informatiko batzuek eraso egin ziotela iragarri baitzuen Googlek.
Gainera, ikerketari esker, erasotzaileak giza eskubideen aldeko hainbat ekintzaile txinatarren helbide elektronikoetan sartu zirela jakin zen.
David Drummond abokatuak Googleren blog ofizialean azaldu duenez, Txinan zentsura barik aritu ahal izateko herrialde hartako Gobernuarekin egindako negoziazioek porrot egin dutelako hartu dute erabakia.