Mundua -

AEBetako Kongresuan

Berriro bozkatu beharko dute Obamaren osasun erreforma

Senatari errepublikanoek bi hornidura ezabatzea lortu dute forma akatsengatik, Kongresuko iturriek jakitera eman dutenez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBetako presidentearen osasun erreforma berriro bozkatu beharko dute AEBetako Ordezkarien Ganberan, izan ere, senatari errepublikanoek bi hornidura ezabatzea lortu dute forma akatsengatik, Kongresuko iturriek jakitera eman dutenez.

Ordezkarien Ganberak iragan igandean onartu zuen, aldeko 219 botorekin eta kontrako 212rekin, osasun erreformaren legea, eta Obamak asteartean sinatu zuen Etxe Zurian egindako ekitaldi batean.

Baina Ganberak legearen emendakin sorta bat ere onartu zuen, eta hori ezinbestekoa izan zen abortuaren kontra dauden demokratek aldeko botoa eman zezaten.

Zirrikitua, emendakinetan

Emendakin sorta hori aldaketarik gabe onartu behar zen Senatuan, baina ez zuten hala egin. Errepublikanoek, osasun erreformaren kontrako borroka oraindik galdutzat eman ez dutenek, aldaketak aurkeztu zituzten prozesua oztopatzeko asmoz.

Asteazkenean, Senatuan saio luzea hasi zuten errepublikanoen proposamenen inguruan eztabaidatzeko eta banan banan errefusatzeko. Hala ere, gaur goizaldean, oposizioak garaipena lortu du lege proiektuko bi hornidurek aurrekontu arauak urratzen zituztela baieztatuta.

Hornidura horiek, berez, ez dira garrantzitsuak, diru-sarrera urriak dituzten ikasleei zuzendutako bekei buruzkoak dira, baina demokraten lana oztopatzea lortu dute, errepublikanoek testua ordezkarien ganberara itzultzera behartu dutelako.

Obamaren bira

Kongresuko iturriek espero dute arazorik gabe onartuko dutela testua, eta bere bidea egingo duela Etxe Zurira heldu arte, Barack Obama presidenteak sinatu arte.

Hasiera batean, prozesua Aste Santua baino lehenago amaitu nahi zuten, baina bihar hasiko denez, ez dago oso argi lortuko ote duten.

Bien bitartean, Barack Obama presidenteak bira hasiko du gaur Iowan proiektuaren alde onak herriari helarazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea