Mundua -
AEBetako Kongresua
Behin betiko onartu dute Obamaren osasun erreforma
Ordezkarien Ganberak emendakinak onartu ditu aldeko 220 botorekin eta kontrako 207rekin; ordu batzuk lehenago Senatuan eman diote bidea aldeko 56 botorekin eta kontrako 43rekin.
Erredakzioa
AEBetako Kongresuak osasun erreformaren emendakinak onartu ditu prozesu legegilearen azken pauso gisa eta Barack Obama presidenteari bidali dio aldarrika dezan.
Ordezkarien Ganberak emendakinak onartu ditu aldeko 220 botorekin eta kontrako 207rekin; ordu batzuk lehenago Senatuan eman diote bidea aldeko 56 botorekin eta kontrako 43rekin.
Obamak iragan asteartean aldarrikatu zuen osasun erreforma legeari aldaketak egin dizkiote emendakinekin.
Errepublikanoak prozesua oztopatzen
Adineko pertsonentzako, diru-sarrera urriak dituztenentzako eta erdi mailako familientzako onurei dagokie aldaketak.
Demokratek espero zuten emendakinak Senatuan onartuko zituztela, ordezkarien ganberara itzuli beharrik izan gabe, iragan igandean onartu baitzuen aldeko 220 botorekin eta kontrako 211rekin.
Baina senatari errepublikanoek, osasun erreformaren opositoreek, garaipen txiki bat eskuratu zuten ostegun goizaldean testuko bi klausuletan legeak sortzeko prozesua urratzen zela frogatu zutelako.
Hori horrela, Senatuak legea ordezkarien ganberara itzuli zuen berriro bozka zezaten.
Obamaren bira
Obama Iowara joan da gaur osasun sistemaren erreformaren onurak azaltzeko bira baten baitan. Izan ere, azaroaren 2ko hauteskundeei begira, AEBn zatiketa da nagusi aipatu legearen harira.
Hamalau fiskal nagusik, denak errepublikanoak, salaketak jarri dituzte legea deuseztatzeko, eta errepublikanoek argi adierazi dute erreforma izango dela azaroaren 2ko hauteskundeetako gai nagusia. Orduan, ordezkarien ganbera osoa eta Senatuaren heren bat hautatuko dute herritarrek.
Baina demokratek aliatu garrantzitsua topatu dute aseguru-etxeetan, hasieran erreformaren kontra bazeuden ere, orain AEBetako 50 estatuetan ezartzeko esfortzua babestu dute.
Farmazia alorreko konpainiek eta ospitalek ere aipatu esfortzua babestuko dutela espero da. Sindikatuek eta talde progresistek ere gauza bera egingo duten esperoan dira.