Mundua -

Birmania

Oposizioko alderdiak Birmaniako hauteskundeei boikota egingo die

Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunak zuzentzen duen alderdiak ez du erregimen militarrak aurten deituko dituen haustekundeetan parte hartuko, botereari eusteko asmoz legea aldatu dutelako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Birmaniako oposizioaren alderdi nagusiak, Demokraziarako Liga Nazionalak, jakinarazi du ez duela erregimen militarrak 2010erako aurreikusita dituen hauteskundeetan parte hartuko.

Aung San Suu Kyi Bakaren Nobel Saridunak zuzentzen duen alderdiak Hauteskunde Batzordean izena ez ematea erabaki du, erregimenak bozketarako onartu dituen legeak "injustuak direlako", adierazi du kazetarien aurrean Nyan Win alderdiko bozeramaileak.

Gauzak horrela, alderdiak bi aukera ditu: desegitea edo klandestinitatean jardutea.

Militarrak boterean mantentzea bilatzen du araudi berriak

DLN alderdiaren zuzendaritzak, beraz, Suu Kyik proposatutako bidea aukeratu du. Hasieratik agertu zen hauteskundeei uko egitearen alde, izan ere, araudi berriaren arabera bera ezingo litzateke hautagaia izan, etxean giltzapetuta zigorra betetzen ari delako. Estatuko buruzagi izateko aukerarik ere ez luke izango, atzerritar batekin ezkonduta egon zelako eta bere seme-alabak Erresuma Batuko pasaportea dutelako. Gainera, DLN alderdia bere buruzagi historikoa kanporatzera behartuta egongo litzateke, hauteskundeak irabaziz gero. 1962. urtetik Birmanian agintzen duen Batzorde Militarrak martxoaren hasieran argitaratu zuen araudi berria. 1990. urtetik antolatuko diren lehendabiziko hauteskundeak dira, orduan Suu Kyiren alderdiak argi eta garbi irabazi zituen hauteskunde orokorrak, baina militarrek ez zuten inoiz garaipen zabal hori onartu. Legedi berriak emaitza haiek baliogabetu zituen eta aurten hauteskundeetan parte hartu nahi duten alderdi guztiek ezinbestekoa dute berriro erregistratzea eta militarrak boterean mantentzea helburuarekin idatzitako 2008ko Konstituzioa onartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea