Mundua -
Hauteskundeak
Ezkerrak hegemonia galdu du Italian, eskuinaren mesedetan
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroaren zentro-eskuinak lau eskualde kendu dizkio zentro-ezkerrari eta orotara sei eskuratu ditu; ezkerrak gainerako zazpiei eutsi die.
Erredakzioa
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroa buru duen zentro-eskuinak aurrerapauso handia eman du iragan igandean eta astelehenean egin dituzten eskualdeetako hauteskundeetan, 13 eskualdetatik sei eskuratuta eta zentro-ezkerrari lau kenduta.
Botoen ia % 100 zenbatuta, zentro-eskuinak gorakada handia izan du aurreko hauteskundeetan bi eskualde besterik ez zituela kontuan izanda, zentro-ezkerrak zazpi lortu ditu, eta aurretik 11 zituen.
Hasiera batean zentro-ezkerreko alderdien garaipen argia zirudienak, hauteskunde eskolak itxi eta gero Alderdi Demokratak garaipena aldarrikatu zuen, eskuinaren garaipentzat jo daiteke.
Piamonte eta Lazio, giltzarri
Piamonte eta Lazio eskualdeek izan dute hauteskundeetako giltza, izan ere, borroka azken momentura arte luzatu da eskuinaren eta ezkerraren artean, baina azkenean Berlusconiren kontrako zigorra zirudiena garaipen bilakatu da Italiako eskualde garrantzitsuenetan.
Boto guztien zenbaketa ofiziala falta bada ere, horrelaxe geratu da Italiako eskualdeen mapa: zentro-ezkerrak irabazi du Ligurian, Emilia-Romañan, Umbrian, Basilicatan, Toscanan, Las Marcasen eta Apulian; zentro eskuinak, berriz, Lombardian eta Venetonen irabazteaz gain (2005etik bere esku zituen bakarrak), Campanian, Calabrian, Piamonten eta Lazion ere garaipena lortu du.
Abstentzioa eta Liga Norte
Abstentzioa izan da Liga Norte eskuineko alderdiaren laguntzailea: Umberto Bossiren alderdia izan da boto gehien jaso dituena Veneton eta bigarrena izan da Lombardian, boto kopurua hirukoiztu du Emilia-Romañan eta boskoiztu Toscanan.
Emaitzek hain argiak dirudite, Antonio di Pietro IDV oposizioko alderdiko buruak onartu egin duela hauteskundeetako garaile nagusia Berlusconi izan dela.