Mundua -
Kaukaso Iparraldean
12 hildako eta 29 zauritu bi atentatutan Errusiako hegoaldean
Moskuko metroko atentatu bikoitza jazo zenetik bi egun igaro direnean, beste bi eraso izan dira Kizlyarreko udalerrian, Dagestan eta Txetxenia arteko mugatik gertu.
Erredakzioa
Gutxienez hamabi pertsona hil dira -bederatzi polizia barne- eta hogeita bederatzi zauritu dira lehergailurekin egindako bi atentatutan Dagestaneko probintzian, Errusiako hegoaldean, eskualdeko Barne Ministerioak aditzera eman duenez.
Goizean jazo dira erasoak Kizlyarreko udalerrian, Dagestan eta Txetxenia arteko mugatik gertu.
Lehendabiziko leherketa, poliziak auto bat geldiaraztea agindu duenean jazo da goizeko 8:42etan (bertako ordua). Orduan, gidariak autoan zeramatzan lehergaiak zartatu ditu.
Hamabost minutu geroago, polizia agenteak eta jendea leherketaren lekuan bilduta zeudenean, poliziaz jantzitako bigarren pertsona bat gerturatu da eta aldean zeramatzan lehergaiak eztandarazi ditu.
Leherketa biak ala biak, Barne Ministerioko eraikin batetik eta bigarren hezkuntzako institutu batetik 300 metrotara izan dira.
Errusiako agintarien ustez, Dagestan eta Txetxenia hartzen dituen Kaukaso Iparraldeko errebeldeei dagokie Moskuko metroko atentatuen egiletza, baina oraindik inork ez du hori bere gain hartu.