Mundua -

TURKIA

37 pertsona hil eta 71 zauritu dira Ankaran izandako atentatuan

Hiriburuan izandako hirugarren atentatu handia da honakoa. Urrian, 100 lagun hil ziren eraso suizida baten ondorioz.

Gutxienez 37 hildako eta 71 zauritu Ankaran, atentatuan

1:09

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ankara erdigunean jazotako atentatuan, gutxienez 37 pertsona hil eta 71 zauritu dira, Mehmet Muezzinoglu Turkiako Osasun ministroak jakinarazi duenez. Zaurituetako 15 egoera larrian daude.

Eztanda Turkian 18:35 zirenean izan zen igandean, Kizilay plazan, Guven parketik gertu. Hiriko erdigunean dago, eta komisaria bat eta autobus-geltoki bat daude inguruetan.

Itxura denez, bonba-auto batek eragin zuen leherketa, eta, eztandaren ondorioz, autoa txikituta geratu zen, eta beste 5 edo 6 autok su hartu zuten. Inguruan zeuden zenbait eraikin ere kaltetu ziren.

CNN Turk katearen arabera, zaurituak berehala ospitaleratu zituzten; hildakoak, aldiz, leherketa izan den tokian geratu ziren hainbat ordutan, bertatik eraman arte.

Ankaran izandako hirugarren atentatu handia da honakoa. Urrian, 100 pertsona hil ziren eraso suizida baten ondorioz, eta otsailean, berriz, 30 pertsona hil ziren konboi militar baten aurkako erasoan.

Oraingoz, inork ez du aldarrikatu atentatua, baina segurtasun-indarretako iturri batek esan du balitekeela erasoa Kurdistango Langileen Alderdiak (PKK) edo horren inguruko talderen batek egin izana.

Kurduen aldeko HDP alderdiak gaitzetsi egin du atentatua

Herrien Alderdi Demokratikoak (HDP) gaitzetsi egin du atentatua.

"Ankaran izandako atentatua gaitzesten dugu. Zoritxarrez, pertsona asko hil edo zauritu dituzte, atentatua gure herrikide zibilen aurkakoa izan baita", adierazi du HDP alderdiak Twitterren duen kontu ofizialaren bitartez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gaur Albisteak Turkia