Mundua -
Hondamendia
Australia, haserre koral-hesia arriskuan jarri duen ontziarekin
Lehen ministroak araudia aldatzeko asmoa du itsasontziek koralaren eremutik hartzen dituzten lasterbideak ekiditeko. Ontziak bi tona erregai isuri ditu eta hiru kilometroko luzerako orbana sortu du.
Erredakzioa
Asteburuan Australiako koral-hesi inguruan hondartu zen ontzi txinatarraren jokaera iraingarria dela adierazi Kevin Ruddn lehen ministro australiarrak. Ontziak 65.000 tona ikatz eta 975 tona erregai zeramatzan.
"Australian ez dago koral-hesiak baino balio natural handiagoa duen ezer, eta lehen ministro bezala, arriskuan jartzen duen edozer seriotasun handiz hartuko dut", adierazi du Ruddek.
Agintari australiarra haserre agertu da zenbait itsasontzik koral-hesiaren eremutik lasterbideak hartzeko ohitura dutela jakiterakoan. Ontzi txinatarra 12 km desbideratu zen bere ibilbidetik hondartu baino lehen. Ruddek araudia aldatzeko asmoa du, horrelako kasuak ekiditeko.
''Shen Neng 1'' ontzi txinatarrak ikatza zeraman Australiako Queensland estatutik Txinara eta kostaldetik 70 kilometrotara hondartu egin zen.
Oraingoz, ontziak bi tona erregai isuri ditu eta 3 kilometroko luzerako orban beltz bat sortu du uretan. Agintariak orbana desegiten saiatzen ari dira produktu kimikoak erabiliz.
Eguraldiak operazioak erraztu egin ditu, baina zikloi bat edo denboralea helduz gero hondamendia sortu daiteke.
Polizia australiarrak Cosco Txinako itsas garraio enpresa nagusienak egindako ustezko delitua ikertzen ari da. Epaiketan errudun dela adieraziz gero, milioi bat dolar australiarreko isuna (922.191 dolar edo 686,677 euro) ordaindu beharko du eta itsasontziaren kapitainak 220.000 dolar australiar (202.837 dolar edo 151.117 euro).
Koral-hesia 3.000 uharrik eta 900 uharte baino gehiagok osatzen dute. Bertan 4.000 koral mota, 1.500 arrain espezie eta 4.000 molusku mota bizi dira. 1981. urtean gizadiaren ondare izendatu zuen UNESCOk.