Mundua -
Hondamendia
Uholdeek 102 hildako utzi dituzte Rio de Janeiron
Suhiltzaileek erreskate lanei ekin diete gaur eta mila hiritarretik gora etxerik gabe geratu dira, izan ere, luiziak faveletan gertatu dira, eta oso egitura eskasa dute bertako etxeek.
Erredakzioa
Azken 20 urteetan Rio de Janeiron izan diren eurite handienek eragindako uholdeek eta luiziek 102 hildako eta 106 zauritu utzi dituzte eta milatik gora hiritar etxerik gabe geratu dira, Brasilgo hiriko suhiltzaileek jakitera eman dutenez.
Astelehenean hasi eta atzora arte etengabe bota duen euriak 180 luizi baino gehiago eragin ditu eta zauritutako pertsonak ere dozenaka dira. Uholdeek ur azpian utzi ditu errepideak eta ia erabat geldiarazi du Brasilgo bigarren hiri handiena, sei milioi biztanlekoa.
Bestalde, agintariek jakinarazi dute hiritar asko eta asko desagertuta daudela eta, beraz, hildakoen kopuruak nabarmen egin dezakeela gora.
Eduardo Paes Rio de Janeiroko alkateak eremu malkartsuetatik alde egiteko eskatu die hiritarrei, euriteek gehien kaltetu dituen inguruak direlako. Gainera, eskolak gaur ere bigarren egunez itxita mantentzeko agindua eman du.
Paesek esan du euriak 1.200 pertsona baino gehiago utzi dituela etxebizitzarik gabe eta 10.000 etxe inguru daudela egitura arriskuan dutenak. Faveletan daude kaltetu gehienak, bertan bizi baitira hiritarren bosten bat, eta pobreziak eta narkotrafikoak jotako eremuak dira.
24 ordu baino gutxiagotan 288 milimetro euri bota ditu. "Rio de Janeiron inoiz izan diren uholde handienak dira", adierazi du Sergio Cabral Rio de Janeiro Estatuko gobernadoreak, larrialdi egoera ezartzear dagoela iragarri auretik.