Mundua -

Bisita ofiziala

Barack Obama igandean iritsiko da Kubara, negoziazioak bultzatzeko

Ameriketako Estatu Batuetako presidente batek 88 urtean Kubara egiten duen lehen bidaia ofiziala izango da.

Castro eta Obama Ameriketako Goi Bileraren baitan izandako batzarrean. Artxiboko irudia: EFE
Castro eta Obama Ameriketako Goi Bileraren baitan izandako batzarrean. Artxiboko irudia: EFE
Castro eta Obama Ameriketako Goi Bileraren baitan izandako batzarrean. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBko presidentea bihar, igandea, iritsiko da Kubara. Bisita labur, baina historikoa izango da; izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako presidente batek 88 urtean Kubara egiten duen lehen bidaia ofiziala izango da. Aipaturiko bidaia horren helburu nagusietako bat Washigntonen eta Habanaren arteko negoziazioak suspertzea izango da, hainbat gaitan -giza eskubideak, kasu- ez atzera ez aurrera dagoela-eta.

Obamak igandean lur hartuko du Habanako Jose Marti nazioarteko aireportuan Michelle Obama emaztearekin batera. Bruno Rodriguez Kuba Atzerri ministroak azaldu duenez, igandean bertan Habana zaharretik barrena osteratxo bat egingo dute senar-emazteek.

Astelehenean Jose Marti Kubako heroi nazionalari lore eskaintza egingo diote hari eskainitako monumentuaren aurrean. Dena den, eguneko hitzordu nagusia Raul Castro Kubako presidentearen eta Barack Obama AEBko presidentearen arteko bilera izango da. Ben Rhodes Etxe Zuriko aholkulariak jakinarazi duenez, Kubaren eta AEBren arteko harremanetan emandako "aurrerapausoak" errepasatu ostean, lankidetzarako aukerak aztertu eta bi herrialdeen artean oraindik dauden ezberdintasunak jorratuko dituzte, giza eskubideen alorrean kasu.

AEBko presidentea Fidel Castrorekin elkartuko ote zenaren aukera aipatu bada ere, bai Washingtonek eta baita Habanak ere baztertu egin dute aukera hori.

Arratsaldean Obama AEBko eta Kubako enpresaburuekin elkartuko da.

Asteartean Obamak Kubako herriari zuzendutako hitzaldia eskainiko du eta bertako hedabideek zuzenean eskainiko dute. "Guztiek ikusi ahal izango dute zer esaten duen eta bakoitzak hitzaldiari buruzko bere iritzia eman ahal izango du", azpimarratu du Rodriguezek.

Segidan, Obamak bilera "formala" egingo du Kubako oposizioarekin AEBk Habanan ireki berri duen enbaxadan. Etxe Zuriak bilera horretara deitu dituenen artean daude, besteak beste, Jose Daniel Ferrer, Elizardo Sanchez, Guillermo Fariñas, Antonio Rodiles, Manuel Cuesta Morua, Berta Soler, Yoani Sanchez eta Miriam Leiva.

Etxe Zuriak bi helburu finkatu ditu: batetik, Obamak herritarrekin harreman zuzena izatea eta Kubako benetako errealitatea bertatik bertara ezagutzea; bestetik, Kubaren eta AEBren arteko harremanak erabat normalizatzeko negoziazioei bultzada berri bat ematea.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak bideoak Barack Obama bideoak Albisteak Kubako albisteak gaur