Mundua -
Sare sozialak
Aita santuaren lehen mezua Instagramen: 'Egin otoitz nire alde'
Instagramen 'Franciscus' kontua sortu eta bost ordura, 600.000 jarraitzaile zituen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantzisko aita santuak "Franciscus" izeneko kontua ireki du gaur, larunbata, Instagram sare sozialean. Lehendabiziko argazkian belauniko eta otoitz egiten ageri da aita santua, eta haren alde otoitz egiteko eskatu du.
Jorge Bergogliok bederatzi hizkuntzatan idatzi du mezua: ingelesez, gazteleraz, italieraz, arabiarrez, frantsesez, portugaleraz, polonieraz, alemanez eta latinez.
Lehendabiziko argazkia 12:00etan argitaratu du, hain zuzen ere, duela hiru urte haren aitasantutzari hasiera eman zion meza hasi zen egun eta ordu berean. Bi ordura argitaratu du bigarren argazkia.
Kontua ireki eta bost ordura, 600.000 jarraitzaile zituen.
Jorge Bergogliok behin baino gehiagotan azpimarratu du sare sozialen garrantzia ebanjelioa mundu osora zabaltzeko.