Mundua -
Iruzkina
Desnuklearizazioa bai, baina dirudiena baino txikiagoa
Argitu behar da Washingtonen eta Moskuren arteko tratatuek, nahiz eta esan desnuklearizazio akordioak direla, ez dakartela, benetan, munduaren gaineko mehatxuaren murrizketarik.
Jesus Torquemada
Obamak eta Medvedevek gaur sinatuko duten akordioa, arma nuklearrak kontrolatzekoa, ez da Washingtonek eta Moskuk sinatutako lehena. Lehen ere sinatu zituzten Salt I eta Start I izenekoak, Nixonen eta Reaganen garaietan. START IIa ere sinatu zuten, anbizio handiagokoa, baina indarrean sartu ez zena AEBetako Senatuak ez baitzuen berretsi.
Misilen kontrako sistemak mugatzeko akordio bat ere sinatu zuten, baina Bushek ihes egin zion bere ezkutu ospetsua garatzeko. Obamak, iritsi bezain laster, alde batera utzi zuen Bushen proiektua, baina badu asmoa beste ezkutu txikiago baterako eta hori ez dute batere gogoko errusiarrek.
Argitu behar da tratatu horiek, nahiz eta esan desnuklearizazio akordioak direla, ez dakartela, benetan, munduaren gaineko mehatxuaren murrizketarik. Egia da, ez da gauza bera lehertzeko prest dauden 20.000 bonba atomikorekin bizitzea, edo gaur Pragan sinatuko den itunak dioen bezala, gehienez ere 3.100ekin.
Baina, noski, 3.100 horiek aski dira Lurreko bizitza behin eta berriz deuseztatzeko, eta gainera, akordio horretan ez dira sartzen erreserbako buru nuklearrak, behar izanez gero, erabiltzeko prest jarri litezkeenak.
Armategi nuklearra erabiltzeko prest edukitzea garestia da, eta beraz, bai Washingtoni, bai Moskuri, murriztea komeni zaie. Beraz, finean, akordio berriaren helburuak gehiago dira ekonomikoak eta propagandazkoak, desarme atomikoa bera baino.