Mundua -

Bisita ofiziala

Obama Raul Castrorekin eta ekintzaile kubatarrekin elkartuko da gaur

Bi agintariek ordubete inguruko bilera egingo dute Iraultzaren jauregian. Aurrez, ordea, Jose Marti Kubako heroi nazionalari lore eskaintza egingo diote.

Castro eta Obama Ameriketako Goi Bileraren baitan izandako batzarrean. Artxiboko irudia: EFE
Castro eta Obama Ameriketako Goi Bileraren baitan izandako batzarrean. Artxiboko irudia: EFE
Castro eta Obama Ameriketako Goi Bileraren baitan izandako batzarrean. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama Raul Castro Kubako presidentearekin batzartuko da gaur, AEBko presidentea Kubara egiten ari den bisita ofizialaren bigarren egunean. Arratsaldean, AEBko enpresaburuen eta ekintzaile kubatarren arteko negozio foro batean parte hartuko du.

Obamak eta Castrok Iraultzaren jauregian egingo dute bilera, eta Ameriketako Estatu Batuek eta Kubak harremanak berrezarri zituztenetik bi agintariek aurrez aurre elkarrekin hitz egingo dute hirugarren aldiz (Kuban, lehen aldiz).

Lehenik, bi agintariek ordubete inguru iraungo duen aldebiko bilera egingo dute, eta, gero, AEBko eta Kubako gobernuetako ordezkariak batuko dira bilerara. Batzarraren amaieran, prentsaurrekoa eskainiko dute bi agintariek.

Bien arteko bilera hori hasi aurretik, ordea, Jose Marti Kubako heroi nazionalari lore eskaintza egingo diote hari eskainitako monumentuaren aurrean, Iraultzaren plazan.

Arratsaldean, AEBko enpresaburuen, ekintzaile kubatarren eta Kubako enpresa publiko eta pribatuetako ordezkarien arteko negozio foro batean parte hartuko du. AEBko Gobernua suspertze bidean dagoen sektore horren garapena bultzatzeko prest agertu da behin baino gehiagotan.

Eguna amaitzeko, Raul Castrok Iraultzaren jauregian eskainiko duen estatu afarian parte hartuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Barack Obama Albisteak Kubako azken ordukoa