Mundua -
Kolonbiako bake-prozesua
Kerryk bilera 'emankorra' izan du Kolonbiako negoziazio taldearekin
AEBtako Estatu idazkaria Kolonbiako Gobernuaren negoziazio-taldearekin bildu da. FARCen ordezkariekin ere batzartuko da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
John Kerry AEBtako Estatu idazkariak Kolonbiako Gobernuak bake-prozesurako izendatu zuen talde negoziatzailearekin bildu da Habanan, Barack Obama presidente estatubatuarrak Kubara egin duen bisita historikoa baliatuta.
Bernie Aronson AEBen bidali berezia izan da Kerryrekin batera. Bake-prozesuan emandako urratsak zeintzuk izan diren ezagutzea eta gatazka gainditu osteko aroaz hitzegitea izan da bileraren helburua.
“Bilera emankorra izan dugu John Kerry Estatu idazkariarekin. Babes irmoa bake-prozesuari”, esan du Gobernuaren taldeak Twitter bidez.
FARC gerrillaren ordezkariekin ere batzartuko da Kerry. Inoiz ikusi gabeko bilera izango da; izan ere, AEBk terroristatzat jotzen dute FARC.
Bilera-sorta hau Obamak Kubara egin duen bisita ofizialarekin lotuta dago. Obamak nahiz Raul Castro Kubako agintariak Kolonbiako bake-prozesua babestu dute. “Kolonbiak luzerako bakea lor dezakeela uste dut”, adierazi du Obamak.