Mundua -

Atentatuak Bruselan

Atentatuen aurrean hartu beharreko neurriak aztertuko ditu EBk

Jean–Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearen hitzetan, Europa terrorismoari aurka egiteko prest ez egotea  28 estatu-kideen ardura da, ez direlako gai izan erantzun bateratu bat adosteko.

Egoerari nola aurre egin aztertzeko premiazko bilera Bruselan

1:36

agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batasuneko Barne ministroak gaur arratsaldean bilduko dira Bruselan, ez-ohiko bileran, Bruselan astearte honetan izandako atentatuen ostean hartu beharreko neurriak aztertzeko; gutxienez 32 lagun hil ziren atentatu horietan.

16:00etan abiatutako da bilera, Europako Batzordearen egoitza nagusian. Terrorismoaren aurkako borrokan estatu-kideen arteko lankidetza estutzea izango da bileraren helburua.

Dimitris Avaramopoulos EBko Barne komisarioak deitu du hitzordua, eta proposamen bateratuen premia nabarmendu du. Mahai gainean, besteak beste, bi gai izango dituzte: mugetako kontrolak nola zorroztu eta suzko-armen gaineko kontrola areagotzeko neurriak zehaztu. Aspaldiko gaiak dira horiek, baina ez dira adostasun batera iristeko gai 28 estatu-kideak.

Jean ?Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearen hitzetan,  Europa terrorismoari aurka egiteko prestatuta ez egotea "estatu-kideen ardura" da, hein handi batean, ez direlako gai izan erantzun bateratu bat adosteko. Polemika piztu dute Junckerrek adierazpenok,  EBko kideei arduraz ez jokatzea egotzi dielako, segurtasunaren bidean.

"Lobbie interesatuen" aurrean amore ez emateko eskatu die EBko buruak estatuei, eta, besteak beste, suzko armen gaineko kontrola indartzeko neurriak onar ditzatela exijitu die.

Manuel Valls Frantziako lehen ministroa ere Bruselan da, gaur, atentatuak izan aurretik hitzartutako bilera bat duelako. Premiazko hainbat neurri hartu behar direla nabarmendu du, eta Europako Parlamentuari erabaki azkarrak eta eraginkorrak eskatu dizkio, terrorismoaren aurkako borrokan.

Lau erasogile

Frederic Van Leeuw Belgikako fiskal nagusiak atzo jakinarazi zuenez, lau izan ziren Bruselako atentatuen egileak: Jalid eta Ibrahim El Bakraoui anaiak, oraindik identifikatu gabe dagoen kamikaze bat, eta "bilatzen ari diren" beste terrorista bat.

Van Leeuwen hitzetan, Jalid el Brakaouik bere burua zartarazi zuen Maelbeekeko metro geltokian. Haren anaia Ibrahimek beste hainbeste egin zuen Zaventemgo aireportuan identifikatu gabeko beste kamikaze batekin batera. Laugarren lagun baten bila ari dira orain, aireportuko kamerek El Brakaoui anaiekin batera zegoen eta buruan txanoa zeraman hori, hain zuzen.

Nahasmen eta informazio faltsu andanaren ostean, "baieztatutako eta egiazko informazioen" berri bakarrik emango zuela ohartarazi zuen fiskalak prentsaurrekoaren hasieran.

"Argazkian erdian ageri dena bere buruaz beste egin duenetako bat da, Ibrahim El Bakraoui, 1986ko urrian Bruselan jaiotakoa. Ezkerrean ageri dena, berriz, oraindik ez dugu identifikatu, eta eskuinekoa ere ez", esan zuen fiskalak.

Hain zuzen, azken horrek, irudian txanoa jantzita ageri denak, lehergailuz betetako maleta utzi  zuen irteeren terminalean, eta ihes egin zuen. Gerora egin zuen eztanda, baina inor zauritu gabe, ordurako aireportua hustuta zegoelako, fiskalak jakitera eman zuenez.  "Lehergaiak zituen poltsa handi bat utzi zuen, eta lehertu aurretik ihes egin zuen. Bertan zegoen lehergai-kargarik handiena", gaineratu zuen.

Belgikako hainbat hedabidek zabaldu dutenez, Najim Laachraoui da ihes egin duen erasogilea. Parisko atentatuekin lotura duelakoan, Laachraoui bilatzeko eta atxilotzeko agindua emanda zegoen lehendik.

Metro-geltokian atentatua burutu zuena, berriz, esan bezala, Jalid El Bakraoui zela baieztatu zuen fiskalak. "Jalid El Bakraoui zen, Ibrahimen anaia, 1982ko urtarrilean Bruselan jaiotakoa", gaineratu zuen.

Atxiloketa bat izan dela ere berretsi zuen, baina ez zuen zehaztu nor den. Ez da, dena den, Najim Laachraoui, Belgikako egunkariek zabaldu duten bezala.

Vab Leeuwek bere agerraldian jakitera eman zuenez, aireportuan erasoa egin zuten hiru lagunak etxetik aireporturaino eraman zituen taxilariaren lekukotza oso garrantzitsua izan da.  Hark emandako helbidean lehergai gehiago, amoniakoa eta lehergailuak egiteko hainbat material aurkitu dute.

Kaleko zabor-ontzi batean, bestalde, ordenagailu bat topatu dute, eta, bertan, Ibrahimen testamentua zegoen gordeta, ikertzaileen arabera.

Brusela atentatuak ustezko egileak Brahim El Bakraoui eta Jalid El Bakraoui

Brusela atentatuak ustezko egileak Brahim El Bakraoui eta Jalid El Bakraoui

(Ibrahim eta Jalid El Bakraoui anaiak. Argazkia: EFE)

 

Turkiak erasotzaileetako bat deportatu zuen

Bruselako erasoen ustezko egileetako bat Turkian atxilotu zuten 2015eko ekainean, eta uztailaren 14an Holandara deportatu zuten, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak jakinarazi zuenez.

"Bruselako erasotzaileetako bat atxilotu genuen joan den ekainean Ganziatipen eta deportatu egin genuen. Belgikako enbaxadari uztailaren 14an eman genion deportazioaren berri. Belgikak libre utzi zuen", azaldu zuen Erdoganek Ankaran emandako prentsaurrekoan.

"Atzerrian aritutako gerrillaria zela ohartarazi arren, Belgikak ezin izan zuen egiaztatu terrorismoarekin inolako loturarik zuela", azaldu zuen.

Erdoganek argitu du ustezko terroristak berak eskatuta deportatu zutela Holandara. "Holandako agintariei ere helarazi genien jakinarazpena", erantsi zuen.

Turkiako presidenteak ez du atxilo hartu zuten ustezko jihadistaren izena eman. "Bruselako atentatuen egiletako bat" dela esan zuen.

Alabaina, Turkiako zenbait komunikabidek zabaldu dutenez, Ibrahim El Bakraoui da joan den ekainean Turkian atxilotu zuten erasotzailea.

Biktima kopuruaren balantzea

Bestalde, Bruselako sarraskian 31 lagun hil zirela berretsi du arratsalde honetan Belgikako Gobernuak, baina zauritutako pertsonak 300 direla zehaztu du.

Ildo horretan, behin-behineko zifrak direla azpimarratu dute; izan ere, 150 lagun oraindik ospitalean daude, horietako 61 zaintza intentsiboetako unitatean eta lau koman.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Brusela Belgika bideoak Jihadismoa Gaurko azken ordukoa