Mundua -

Bruselako atentatuak

Estremistak agertu dira Bruselan, atentatuen kontrako ekitaldi batean

Antolatzaileek igande honetarako deitutako ekitaldia atzeratzea erabaki bazuten ere, 500 eta 1.000 lagun artean elkartu dira. Poliziak ur kanoiak erabili ditu jendea sakabanatzeko.

Poliziak ur kainoiak erabili ditu jendea sakabanatzeko. Argazkia: EFE
Poliziak ur kainoiak erabili ditu jendea sakabanatzeko. Argazkia: EFE
Istiluak Bruselan, hainbat ultra biktimen aldeko omenaldian sartuta

0:56

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estremista talde batek agerraldia egin du Bruselako atentatuetan hildako eta zauritutako biktimen omenez Belgikako hiriburuan egin den ekitaldian eta istiluak eragin ditu. 500-1.000 lagun artean elkartu dira Brusela erdiguneko Burtsaren plazan eta Belgikako Poliziak ur kanoiak erabili ditu jendetza sakabanatzeko.

Belgikako Gobernuaren eskariari jaramon eginez, Bruselako atentatuen kontra eta biktimen omenez gaurko deituta zuten ekitaldia atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek. Dena den, ehunka lagun kalera irten dira beren elkartasuna adierazteko.

Gobernuak kontzentrazioa atzeratzea eskatu zien antolatzaileei segurtasuna bermatzeko nahikoa baliabide ez zeudela argudiatuta eta ekitaldia atzeratzea erabaki zuten deitzaileek.

Kontuak kontu, Belgikako Poliziak esku hartu behar izan du, gaur, Brusela erdialdean Estatu Islamikoaren kontrako mezuak ("Izorra dadila Estatu Islamikoa") zabaltzen ari zirenak sakabanatzeko, RTL Belgikako irrati telebista kateak berri eman duenez. Iturri horren arabera, "Casuals" izeneko talde bateko kideak ei ziren.

Biharko ekitaldia, bertan behera

Hala, atentatuen omenez biharko iragarrita zegoen ekitaldi bat bertan behera utzi dute, Burtsaren plazan jazotakoa ikusita. Atomiumen egin behar zuten, hau da, Belgikako ikurretako batean, baina ez dute azkenean egingo, igandeko istiluengatik.

Deialdia egin duenetako batek, Emmanuel Foulon ("Egin otoitz Belgikaren alde"koa) eman du horren berri. Foulon, halaber, igandeko martxa antolatu dutenen artean zegoen.

Hamahiru miaketa eta bederatzi atxiloketa

Igandean hainbat gertaera izan dira Bruselan eta Belgikan. Hamahiru miaketa eta bederatzi atxiloketa egin dituzte, atentatuak izan zirenetik bost egun igaro direnean.

Belgikako Fiskaltza federalak jakitera eman duenez, Anbereseko probintziako bi hiritan eta Bruselan egin dituzte hamahiru miaketak, terrorismoaren aurkako operazio batean; hala ere, ez dute zehaztu ea miaketa horiek astearteko atentatuekin harreman zuzenik izan duten.

Bost miaketa Anberesen egin dituzte: lau, Malinasen; eta beste bat, Duffelen. Bruselan, ordea, zortzi egin dituzte: erdigunean, hiru; Molenbeeken eta Anderlechen, bana; eta Laekenen, hiru.

Hasiera batean, bederatzi lagun izan dira atxilotuta, baina galdeketa egin ostean bost aske utzi dituzte. Beste laurak epailearen erabakiaren zain daude, ea prebentziozko presondegian jarraituko duten ala ez.

Igandean jakin ere jakin da epaileak akusazioa egin diola Abderamane A.-ri; izan ere, epailearen arabera, Parisen ostegunean eragotzi zuten atentatu-saiakeraren harirako jarduera terroristak egin ditu. Reda Kriketen atxiloketarekin du zerikusia akusazio honek; Kriket, 34 urteko frantziarra eta ustezko terrorista, hilaren 24an eragotzitako atentatu-saiakerarekin ere omen du erlazioa.

Kriket Boulogne-Billancourten atxilotu zuten, eta Argenteuileko haren etxean (Pariseko kanpoaldean) arma astunak eta lehergailuak atzeman zituzten; hori dela eta, ikertzaileek uste dute atentatua ari zela prestatzen.

Abderamane A. prebentziozko presondegian dago eta hala jarraituko du. Ostiralean atxilotu zuten Bruselan, atentatu-asmo horrekin zerikusia duelakoan.

Ostiralean hiru lagun atxilotu zituzten Bruselan operazio horretan: Abderamane A., Rabah N. (akusazioa egin diote hari ere), eta Tawfik A. Azken hori aske utzi dute.

Txanoa daraman gizona nor den oraindik ez dute erabat zehaztu

Bestalde, ikerketak ez du zehaztu ea Fayçal Cheffou, zeini egotzi dioten ustezko zerikusia izatea Bruselan asteartean jazotako atentatuekin, aireportuko erasoen hirugarren egilea den; alegia, ea segurtasun-kamerek hartutako irudian txanoa daraman gizona den ala ez.

Asteartean Bruselako aireportuan eta Maalbeekeko metro-geltokian izandako atentatuen harirako beste inputatua Aboubakar A. da. Cheffou bezala, hori ere Bruselan ostegunean egindako miaketetan atxilotu zuten.

Italian atxilotutako pertsona Belgikara estraditatuko dute

Belgikako justiziak gaur Italian atxilotu duten aljeriarra Belgikara estraditatzeko eskaera egingo du. Aipatutako atxilotuaren aurka atxilotze-agindu bat zegoen jarrita dokumentuak faltsutzen zituen sare baten parte izateagatik. Dokumentu horiek Pariseko atentatuetan eta, seguruenik, Bruselakoetan ere erabili zituzten terroristek. Terrorista horien artean legoke Salah Abdeslam, Pariseko atentatuen talde logistikoaren ustezko buru izandakoa eta martxoaren 18an Bruselako Molenbeek auzoan atxilotu zutena.

Frantziar bat atxilotu dute Holandan, terrorismoa leporatuta

Holandako Poliziak frantziar herritar bat atxilotu du gaur Rotterdamen (Holanda), terrorismoa egotzita. Berarekin batera beste hiru pertsona ere atxilotu dituzte, NOS telebista publikoaren eta ANP albiste-agentziaren esanetan.

32 urteko gizonezkoa "Frantzian atentatu bat egiteko plangintzan parte-hartzearen susmagarria da".

Frantziako agintariek ostiralean eskatu zuten hura atxilotzea, eta Fiskaltzak laster emango dio Frantziari atxilotua, aipatutako medioen arabera.

Gizonezko horrez gain, beste hiru pertsona ere atxilotu dituzte. Horietako bi 43 eta 47 urteko bi aljeriar dira. Ez da laugarren atxilotuari buruzko daturik ezagutzen.

NOS kateak adierazi duenez, terrorismoaren aurkako operazioa oraindik indarrean dago, eta poliziak etxebizitzak arakatu ditu Rotterdamen, lekua husteaz gain.

Hildakoen arteko 28 identifikatu dituzte

Belgikako agintariek eta forentseek Bruselan izandako atentatuetako 28 biktima identifikatu dituzte formalki; bien bitartean, hiru familia DNA emaitzen zain daude.

Belgikako Krisialdi Zentroak gaur argitara eman dituen azken datuen eguneraketak ez ditu barne hartzen atentatuko terrorista suizidak, orain arte hiru besterik ez direnak, ofizialki.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Brusela Belgika bideoak Albisteak