Mundua -

Atentatu suizida

Gutxienez 72 hildako Pakistanen, haur parke baten aurkako atentatuan

Gutxienez 15 pertsona atxilotu dituzte atentatuarekin lotura dutelakoan. Talde taliban batek bere gain hartu du erasoa: 'Pazkoa ospatzen ari ziren kristauen aurka egin dugu'.

Pakistan
Pakistan
Gutxienez 69 hildako Pakistanen, suizida batek eragindako atentatuan

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 72 pertsona hil eta 359 lagun zauritu dira -zaurituetako 20 egoera kritikoan daude- igande honetan, Pakistan ekialdeko Lahore hirian izandako atentatu suizida baten eraginez. Atentatua haur parke baten aurka izan da, eta eztanda izan den unean beteta zegoen jai eguna baitzen.

Tariq Zaman bertako udal gobernuko bozeramaile batek EFE albiste agentziari adierazi dioenez, gaur egingo dituzte biktimen aldeko hileta elizkizunak.

Talde taliban batek bere gain hartu du erasoa; izan ere, Pazkoa ospatzen ari ziren kristauen aurka egin dutela esan du talde horrek. "Pazkoa ospatzen ari ziren kristauen aurka egin dugu erasoa, gure ardura izan da", adierazi dio Ehansullah Ehsan talde islamistaren bozeramaileak Pakistango The Express Tribune egunkariari.

Erakunde terroristak azaldu duenez, gaurko atentatua hainbat operaziok osatuko duten estrategia batean txertatzen da. Estrategia orokor horrek "Saut-ul-Raad" izena du, alegia, "Trumoiaren ahotsa".

"Aukera honen zain izan gara. Agintean dagoen PML-N alderdiari (Liga Musulmanari eta lehen ministroari esan nahi diegu Punjaben gaudela, eta haien bila goazela", esan dio bozeramaileak, telefonoz, The Express Tribune egunkariari.

15 atxilotu Pakistanen, atentatuarekin zerikusia dutelakoan

Pakistango Poliziak 15 lagun atxilotu ditu igandeko atentatuarekin zerikusia dutelakoan. Geo TV Pakistango telebista kateak zabaldu duenez, atxilotuetako hiru erasoa egin zuen Yusuf Farid suizidaren anaiak dira. Poliziaren ikerketaren arabera, Yusuf Farid Muzaffargah udalerrian bizi zen eta erlijio ikasketak amaitu ondoren seminario bateko irakasle izan zen Lahoren.

Haurrentzako gune batean

"Suizida batek bonba bat leherrarazi du Gulshan Iqbal parkean, haurrentzako gune baten aldamenean, 19:00ak aldera" (14:00 GMT), adierazi dio Efe agentziari Mohamed Salim tokiko polizia-arduradunak.

Erreskate-zerbitzuetako bozeramaile batek (Jam Sajjad) Efe agentziari jakinarazi dionez, Gulshan Iqbal parkeak hedadura handia dauka, haurrentzako gune batekin. Biktimen artean batez ere emakumezkoak eta haurrak daude, asteburu pasa zeuden familiaz beteta baitzegoen lekua eztanda izan den unean.

Ez zegoen poliziarik

Lekukoek adierazi dutenaren arabera, ez zegoen poliziarik parkean. "Leku izugarri handia da, eta sarbide ugari ditu. Segurtasunaren presentzia ia hutsaren urrena zen", azaldu da atsekabeturik lekuko bat Dawn egunkarian.

Punjabeko gobernu probintzialak (Lahore bertako hiriburua da) Twitter bidez jakitera eman du ospitale guztietan larrialdi egoera jarri dela indarrean, eta hiru eguneko dolu-aldia iragarri du.

Martxoaren erdialdean, Peshawar hirian (herrialdearen ipar-mendebaldea), 15 pertsona hil ziren eta beste 30 lagunek zauriak izan zituzten autobus baten aurka izandako bonba-atentatuan. Autobusean Gobernuko langileak ari ziren bidaiatzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Atentatuak bideoak Estatu islamiarra berriak Jihadismoa albisteak Eguneko albisteak Haurtzaroa albisteak Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa Asia azken ordukoa Pakistango Islamiar Errepublika albisteak