Mundua -

Parlamenturako hauteskundeak

Eskuinak jipoitu egin du ezkerra, Hungariako hauteskundeetan

Fidesz oposizioko alderdi kontserbadoreak botoen % 52,7 eskuratu du, MSZP Gobernuko alderdi sozialistaren oso aurretik, azken horrek botoen % 19,3 soilik jaso du eta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fidesz oposizioko alderdi kontserbadoreak Hungariako hauteskundeen lehen itzulia irabazi du botoen % 52,7rekin, ia boto guztiak zenbatuta, Europa erdiguneko herrialdeko Hauteskunde Batzorde Nazionalak iragarri duenez.

Orain arte Gobernuan izan den MSZP alderdi sozialistak zigor gogorra jaso du, izan ere, botoen % 19,3 soilik jaso ditu, duela lau urte jasotakoen erdia, krisi ekonomikoaren ondorioz bereziki.

Horren atzetik geratu da Jobbik eskuin muturreko alderdia. Diskurtso arrazista eta antisemita duen alderdiak botoen % 16,7 lortu ditu, 2006ko hauteskundeetan jasotakoen laukoitza.

LMP alderdi ekologistak, duela 14 hilabete sortutakoak, ere Parlamentuan sartzea lortu du botoen % 7,4rekin.

Hungariako hauteskunde sistema konplexuak hala ezarrita, bi aste barru hauteskundeen bigarren itzulia egingo dute irabazleak botoen % 50 eskuratu ez duen barrutietan.

Bigarren itzuli horretan ikusiko da Viktor Orban lehen ministro ohia buru duen Fidesz alderdiak Parlamentuko eserlekuen bi herenak lortuko ote dituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken orduko berriak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Hauteskundeak gaur Hungaria gaur