Mundua -
Chinatownen
Hogeita hamar zauritutik gora, New Yorken izandako sute batean
Sei solairutako hiru eraikin kiskali ditu Brooklynetik begiztatu zitekeen suak. 250 suhiltzailek eta 60 ibilgailutik gora Manhattaneko txinatar auzoan piztutako sutea itzaltzen saiatu ziren.
Erredakzioa
Gutxienez 93 urteko gizon bat larri dago eta hogeita hamar lagunetik gora arin zaurituta daude, Chinatowneko (New York) hiru eraikin kiskali dituen sutearen ondorioz.
Oraindik, gaur goizean, kea ateratzen zen sei solairutako hiru eraikinetako batetik. 02:00etan (Euskal Herriko ordua) piztu zen sutea Grand Kalean, Manhattaneko auzo txinatarreko kale nagusietako batean.
Tokiko agintariek aditzera eman dutenez, eraikinetako batean hasi zen sua eta ondoren, ondoko bi eraikinetara hedatu zen. Hirurak sei solairu zituzten eta hamar metroko garrek hartu zituzten bere zabaltzak.
250 suhiltzailek eta larrialdietako 60 ibilgailutik gora sua itzaltzen saiatu ziren, baina garrak hedatu egin zirenez, berrehun bat auzokide ezin izan dira beraien etxeetara itzuli.
Suhiltzaileek aditzera eman dutenez, 29 suhiltzaile zauritu dira, batzuk kea arnasteagatik eta beste asko erredura arinengatik. Horrez gain, 93 urteko gizonezko batek bihotzekoa izan du, eta ospitalera eraman behar izan dute, oso larri.
Oraindik ez dituzte sutearen arrazoiak argitu, baina agintariek ez dute uste norbaitek nahita hasitako sua izan denik.