Mundua -
Legegintza-hauteskundeak
Hauteslekuak zabaldu dituzte Sirian
Bozketarekin bat eginda, Genevan, NBEk bultzatutako beste elkarrizketa-sorta abiatuko da; Gobernuak eta oposizioan dagoen aliantzak hartuko dute parte.
Agentziak | Erredakzioa
Siria legegintza-hauteskundeak egiten ari da asteazkenean, xede izanik ganbera bakarreko Parlamentuko 250 aulkiak berritzea. Hauteskundeak agintarien kontrolpean dauden guneetan egingo dituzte. Su-etena dago indarrean herrialdean, eta, ondorioz, indarkeria-maila jaitsi da.
Hauteslekuak Sirian 07:00ak zirenean (06:00ak, Euskal Herrian) zabaldu dituzte, eta 19:00ak arte egongo dira irekita (18:00ak, gurean). Dena dela, Hauteskundeetarako Batzorde Orokorrak bost orduz luzatu dezake tartea.
Bozketarekin bat eginda, Genevan, NBEk bultzatutako beste elkarrizketa-sorta abiatuko da. Bi ordezkaritzak hartuko dute parte elkarrizketa horietan; batetik, Gobernuaren ordezkariek; bestetik, Negoziazioetako Batzorde Gorenekoek. Oposizioko aliantza nagusia da hori.
Siriako Gobernuak esan du asmoa duela parte hartzeko elkarrizketako etapa berri honetan, eta aurretik jarritako baldintzarik gabe egingo duela. Ostiralean egingo du bat elkarrizketarekin, hauteskundeen ostean.
Hauteskunde-giroa, Damaskon
Damaskon, hiriburuan, hauteskunde-giroa dago. Kaleetan, hautagaien kartel asko daude. Deigarria da zenbat gazte eta emakume agertzen diren horietan; Bachar al Asad presidentearen aldeko kartelekin tartekatzen dira guzti horiek.
Lasaitasuna nagusitu da hiriburuan, azken egunotan. Borroka-zaratarik ia ez da entzun kanpoaldean. Hala ere, segurtasuna oso handia da: kontrol-puntu militarrak daude, ibilgailuen barnealdea miatzeko eta edozein mugimendu susmagarri zaintzeko.
Errefuxiatuek (milioika daude) ezin izango dute parte hartu hauteskundeetan, 2014ko presidentetza-hauteskundeetan ez bezala (Al Asadek berretsi zuen garaipena); izan ere, hauteskunde haietan barruti bakarra zegoen, eta hauetan, ordea, hautesle bakoitzak bere hauteskunde-barrutian eman du botoa.
3.450 hautagai
Hauteskundeetarako Batzorde Judizial Gorenaren datuen arabera, 3.450 bat hautagai aurkeztu dira hauteskunde hauetan; 7.191 hauteskunde-zentro izango dira Gobernuak kontrolatzen dituen gune guztietan; hau da, probintzia guztietan, Al Raqa eta Idleb izan ezik.
Al Raqa, ipar-ekialdean dago bera, Estatu Islamikoak kontrolatzen du, eta Idleb, ipar-mendebaldean, Al Nusra frontearen menpe dago, alegia, Al Qaedak Sirian duen filialaren menpe.
Azken legegintza-hauteskundeak Sirian 2012ko maiatzaren 7an egin zituzten, eta Baaz alderdiaren aliantza politikoak irabazi zuen (gobernuan dago Baaz).