Mundua -
Europako Parlamentua
Hegazkin-bidaiarien erregistroa sortzea onartu du Europak
Terrorismoaren aurkako borrokarako erreminta baliagarria izango dela argudiatuta hartu du erabakia Europako Parlamentuak. 461 diputatuk bozkatu dute erregistroa sortzearen alde.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hegazkin-bidaiarien erregistro europarra (PNR sistema) sortzea onartu egin du, gehiengoz, Europako Parlamentuak, terrorismoaren aurkako borrokarako erreminta baliagarria izango dela argudiatuta.
461 diputatuk bozkatu dute erregistroa sortzearen alde, 179ek kontra, eta 9 abstenitu egin dira.
Bidaiariak hegazkin-txartela hartzen duten unetik, horren inguruko informazioa biltzen hastea da helburua. Aire-konpainiek eskatutako datuak igorri beharko dizkiote, herrialde bakoitzean erregistroa sortzeaz arduratuko den erakundeari.
Bidaiarien Informazio Unitateak sortuko dira EBko 27 herrialdetan (Danimarkak ez du parte hartuko erregistroan); bidaiarien izen-abizenak, bidaien datak, ibilbideak edota ordainketa-sistemak jasoko dituzte, besteak beste.
Unitate horiek elkarren artean informazioa partekatuko dute, beti ere, estatuetako gobernuek hala eskatuta. Terrorismoarekin lotura izan dezaketen kasuak ikertzeko bakarrik erabali ahalko da informazio hori.
Europako Batzordea pozik agertu da hartutako erabakiarekin, eta Europako Parlamentuko diputatuak zoriondu ditu, "terrorismoaren aurkako borrokan Europak duen konpromisoa agerian utzi" dutelako.
Frans Timmermans EBko presidenteordeak eta Dimitris Avramopoulos Barne komisario europarrak zabaldutako ohar batean, gaur hartukoa bezalako erabakiak beharrezkoak dira, terrorismoari aurre egiteko. Borroka horretan, bidaiarien erregistroak ekarpen handia egingo duelakoan daude.