Mundua -
Europako aireportuak pilatuta
Kronika Londresetik: Gaur sumendia haratago heldu da
Hemen Londresen, arratsaldeetan edizioa duten egunkarietako azalek sumendiak Erresuma Batuko aire-zirkulazioan eragin duen anabasa nagusitu dute. Euren esanetan, milioi bat kaltetutik gora dago.
Sarai Campo
Sumendia atzo piztu zen arren, gaur piztu du europarren artean arreta, izan ere, Europako ipar-ekialdean dagoen irlatxoko sumendiak etenda dauka kontinenteko aire-zirkulazioaren atal handi bat.
Atzo piztu zen Fimmvorduhals eta hasiera bateko amorrualdiaren ostean, inguruko glaziar bat urtu egin zen, eta ondorioz, 700 lagun euren etxeetatik atera behar izan zituzten.
Gaur, berriz, sumendia haratago heldu da eta Europa iparraldeko aire-zirkulazio guztia etenda dauka. Anabasa sortu du Europako zeruan.
Madriletik bakarrik, dagoeneko 200 hegaldi baino gehiago geratu dira bertan behera eta inork gutxi dakienez noiz hartuko duen atseden sumendiak, badirudi oraindik ere, arazoak luze jo lezakeela.
Erresuma Batuan goizeko 11.30ak inguruan zabaldu da barria, egunkari guztiek euren ale digitaletan hiriko (Londres) bost aireportuak itxita zeudela iragarri dutenean.
Hemen Londresen, arratsaldeetan edizioa duten egunkarietako azalek, sumendiak Erresuma Batuko aire-zirkulazioan eragin duen anabasa nagusitzen dute. Euren esanetan, dagoeneko milioi bat kaltetutik gora dago.
Bertako aireportuak beti egoten dira jendez lepo eta ohikoa da milaka lagun eskuetan maleta dutela batetik bestera korrika bizian ikustea, gaur baina kaosa nabarmen areagotu da.
Gaurkoa baina, ez da aipatutako ohiko kaos horren antzekoa, gaur jendeak ez du batetik besterako harrapaladarik egiten. Gaur jendea zain dago. Aire Zirkulaziorako Kontrol Zerbitzuak hegaldiak noiz berrezarri zain.
Eta bitartean, aire-konpainietako erakuslehioetan lerroak gero eta luzeagoak dira, eta atsekabea eta nekea dira nagusi hartu behar zuten hegaldiaren zain dauden guzti horien artean.
Bada, azken boladan hegaldi bat hartzea, hegan egiten ikastea beste zaila da, izan ere, aire kontroladoreak ez badira, pilotuak dira, bestela azafatak…Eta gaurkoan, berriz, inork gelditu ezin duen sumendi baten haserrealdia.