Mundua -
Greziara bisita
Aita Santuak 12 errefuxiatu eraman ditu Erromara
Vatikanoak emango die mantenua. Lesbos uhartera egindako lau ordu eskaseko bisitan, Alexis Tsiprasekin elkartu da eta errefuxiatuekin hartu-emana izan du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantzisko aita santuak lau ordu inguruko bisita laburra egin du gaur Greziako Lesbos uhartera eta, Erromara bueltan, 12 errefuxiatu eraman ditu berarekin Erromara eta Vatikanoak emango die mantenua.
Europar Batasunak eta Turkiak akordioa erdietsi aurretik errefuxiatuentzako Lesboseko zentroan zeuden hiru familia siriar dira, tartean, sei adin txikiko. Familia horietako bi Damascokoak dira eta hirugarrena, ostera, Deir Azzorrekoa.
"Estatu idazkaritzak Italiako eta Greziako agintari eskudunekin dituen harremanei esker posible izan da aita santuaren ekimena gauzatzea", Federico Lombardi Vatikanoko bozeramaileak ohar batean azaldu duenez.
"Harrera eta mantenua Vatikanoak hartuko du bere gain. Hasierako harrera San Egidioko komunitateak bermatuko du", gaineratu du.
Lau orduko bisita "humanitarioa"
Lesbosera egindako lau orduko bisita laburrean, errefuxiatuek bizi duten tragediari eta etsipenari arreta jartzeko eta egoerari "duintasunez" erantzuteko eskatu dio Frantzisko aita santuak munduari.
Aita santuaren hegazkinak Grezian 10:05 zirenean hartu du lurra Mitileneko aireportuan (07:05 GMT ordua).
Hegazkineko eskaileratan harrera egin diote Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak eta Bartolomeo patriarka ekumenikoak Frantzisko aita santuari. Halaber, aita santuari harrera egitera gerturatu dira Jeronimo II.a Atenaseko artzapezpikua eta Frangiskos Papamanolis Greziako Apezpiku Batzarreko presidentea ere.
Aireportuan bertan Alexis Tsipras Greziako lehen ministroarekin batzarra egin ostean, beste bi erlijiosorekin batera Moriako errefuxiatuen zentrora joan da, 3.000 errefuxiatu hartzen dituen tokira.
"Nire anaiekin etorri naiz hona, Bartolomeo patriarkarekin eta Jeronimo II.a artzapezpikuarekin, zuekin egoteko eta zuen istorioak entzuteko. Munduak krisi humanitario larri honengan arreta jar dezan etorri gara hona eta baita horri konponbidea eskatzeko ere", esan du Frantzisko aita santuak Moriako errefuxiatu zentroan. Errefuxiatu asko gerturatu dira aita santuarengana eta beren lekukotzen berri emateaz gain, laguntza eta bedeinkazioa eskatu die. "Munduak egoera horiengan arreta jartzea eta modu duin batean erantzutea espero dugu", gaineratu du.
Aipaturiko zentro horretako karpan errefuxiatuekin batera bazkaldu ostean, Moriako errefuxiatu zentrotik portura joan dira eta Lesboseko herritarrekin eta komunitate katolikoko ordezkariekin elkartu dira. Halaber, hildako errefuxiatuen aldeko ekitaldian parte hartu dute.
Aita santuaren bidaiak izaera "humanitarioa" izango du eta ez politikoa, Vatikanoak zehaztu duenez.
Frantzisko aita santuaren hegazkinak 16:30ean lur hartu du Erroman (14:30 GMT ordua).
Errefuxiatuak pertsona gisa tratatzeko aldarrikatu du aita santuak Greziara abiatu aurretik. "Errefuxiatuak ez dira zenbakiak, aurpegiak, izenak eta historiak dituzten pertsonak dira eta, pertsona gisa, hala tratatuak izan behar dira", idatzi du aita santuak haren Twitter kontuan.