Mundua -
Argentina
5 hildako eta 5 zauritu larri, Argentinan izandako festa batean
Osasun iturrien arabera, litekeena da gazteek droga kontsumitu izana.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
20 eta 30 urte bitarteko bost gazte hil dira eta beste bost pertsona larri zauritu dira Buenos Airesen izandako Time Warp musika elektronikoaren jaialdi batean, osasun iturriek baieztatu dutenez.
Zaurituek makinen laguntza behar dute arnasa hartzeko eta Alberto Crescenti SAME Larrialdi Zerbitzuetako zuzendariak berri eman duenez, litekeena da gazteek droga kontsumitu izana.
"Autopsiaren zain egon behar da zein substantzia hartu dituzten eta zer nolako nahasketa egin dituzten zehazteko", adierazi du Crescenti TN telebista kateari eskainitako elkarrizketan.
Crescentiren esanetan, hildakoetako bi jaiaren tokian bertan hil ziren eta beste hirurak, ostera, goizean hil dira. Bestalde, zaurituak "larri" daude eta horiek "gelditze" egoeratik atera nahian ari dira medikuak.
"Ez dira beren kabuz arnasa hartzeko gai", azaldu du. Gaineratu duenez, "ia-ia koma egoeran " eta "arriskuz beteriko" baldintzatan heldu ziren ospitalera.
Time Warp musika elektronikoaren jaialdiak Alemanian du jatorria eta hainbat herrialde zeharkatu ohi ditu urtero , eta aurten, Argentinan geldialdia egin du hirugarrenez.