Mundua -
Smolenkseko ezbeharra
Kronika Krakoviatik: Polonia Kazcynskiren hileta ospatuko du gaur
Atzo Erregeak eta Rodríguez Zapatero gobernuko eta Europako behin-behineko presidenteak Krakoviara etortzerik izango ez zutela azaldu zuten.
Xabier Collados | Berriemaile berezia
Hemendik ordubetera, Poloniako presidentea zenaren eta bere emaztearen aldeko hiletak hasiko dira Krakoviako Andre Mariaren basilikan. Bien hil-kutxak Krakoviako kaleetan zehar omendu dituzte herritarrek. Publikoari itxita dagoen basilikaren aurreko plazan, hutsik ikusten dira telebistako irudietan dozenaka ahulki; horietan eseri behar ziren Barack Obama Estatu Batuetako presidentea, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra edota Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea, besteak beste.
Guztiek euren bidaiak bertan behera utzi dituzte, laino bolkanikoaren ondorioz. Atzo Erregeak eta Rodríguez Zapatero gobernuko eta Europako behin-behineko presidenteak Krakoviara etortzerik izango ez zutela azaldu zuten. Ingalaterrako Carlosprintzeak edota Suedia, Japonia edo Indiako ordezkariak ere ezin izan dira etorri. Etorriko direnen artean, apiagarriena, Dimitri Medvedev Errusiako presidentea. Durao Barroso Europako Batzordeko presidentea eta Jerzy Buzek Europako Parlamentukoa hemen izango dira. Hileten ostean, Lech Kazcynski eta bere emaztea Wawel gazteluan lurperatuko dituzte, 5 mendetako Poloniako errege, heroi eta intelektualen artean. Erabakiak polemika handia sortu du hemen Krakovian, baita Polonia osoan ere. Manifestazioak ere izan dira. Atzo herritarrek bikoteari azken agurra eman zioten Varsoviako San Juan katedralean. Biktima guztien omenezko zeremonian 100mila lagun bildu ziren.