Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
236 kilo lehergai lapurtu dituzte AEBn, tren batetik
Antza denez, AEBko agintariek ordainsaria eskainiko dute zama aurkitzen lagunduko duten informazioaren truke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ustez, 200 kilo lehergai baino gehiago lapurtu dituzte aste honetan AEBn, tren batetik, eta agintariek ikerketa abiatu dute lapurreta argitzeko, CBS News telebista kateak berri eman duenez.
Segurtasun indarren iturri batek aipaturiko hedabideari azaldu dionez, lehergaiak okerreko pertsonen eskuetan jauztearen beldur dira. Hori dela eta, ATF Tabakoaren, Alkoholaren eta Suzko Armen Agentziak datozen egunetan ordainsaria eskainiko du zama aurkitzen lagun dezaketen informazioaren truke.
Chicagotik Detroiterako bidea egiten ari zen CSX konpainiako tren batean gertatu zen lapurreta. Ikertzaileen esanetan, ibilbidearen uneren batean ebatsi zuten materiala; izan ere, trena helmugara heldu zenean zamaren erdia falta zen.
ATF agentziak Detroiten duen bozeramaileak azaldu duenez, kasu larria da; izan ere, ebatsitako lehergaiak teknikoki petardo gisa sailkatuta badaude ere, materialaren izaera komertziala eta kantitatea tarteko, oso arriskutsua da. ATFren arabera, askoz ere lurrunkorragoak dira eta profesionalek soilik manipulatu ohi dituzte.
Tabakoaren, Alkoholaren eta Suzko Armen Agentziaren Detroiteko bulegoak hartu du bere gain ikerketaren ardura. Ikertzaileen esanetan, hainbat pertsona daude nahasita lapurretan.