Mundua -

Caracas

Chavezek Latinoamerikaren independentzia "finkatzea" aldarrikatu du

Venezuelako presidenteak herrialdearen independentziaren bigarren mendeurrena ospatu du Hegoamerikako beste buruzagi batzuekin batera, Cristina Kirchner Argentinako presidentea tarteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hugo Chavez Venezuelako presidenteak herrialdearen independentziaren bigarren mendeurrenaren ospakizunetan Asanblea Nazionalean adierazi duenez, XXI.a Latinoamerikaren "behin betiko independentzia finkatuko duen mendea" da, eta Hegoamerikako herrialdeak "suspertu egin dira berriro ez lo hartzeko".

Chavezek esan du azken hamar urteetan (1999an lortu zuen agintea) iraultza gauzatu dutela Venezuelan eta Latinoamerika osoan, eta iraultza etengabekoa izaten ari dela. "Iraultza bat da gertatzen ari dena. Era askotakoa, oso berezkoa, baina baloreen eta ideien iraultza bat da", adierazi dio Chavezek Radio Nacional de Venezuelari.

Horren harira, Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidenteak hitzaldia eman du Caracasen independentziaren bigarren mendeurrenaren harira. Bertan izan dira Latinoamerikako beste buruzagi batzuk ere, Raul Castro Kubako presidentea besteak beste.

Kirchnerren hitzaldia

Kirchnerrek duela 200 urteko Latinoamerika ekarri du gogora, gaur bezala, orduan ere aldaketa handiak izan zirela azaltzeko. Nazioarteko ordena gaitzetsi du, herrialde boteretsuenek haien borondatea inposatzen dutelakoan herrialde ahulenak biktima bilakatuz.

"Nazioarteko eszenatoki berri honetan zinez landu nahi dut multilateralismoa, alor guztietan. Denon eskubideak errespeta ditzatela lortu behar dugu", adierazi du Kirchnerrek, Latinoamerikako herrialdeen integrazioa babestu baino lehen.

"Herrialdeen askapena lortzeko" ideiak babesteak duen garrantzia azpimarratu du Argentinako presidenteak. "Askatasunak eta berdintasunak ez du nazionalitaterik: balore unibertsalak dira eta historia egin dute 1810aren aurretik ere", gaineratu du.

Chavezek Argentinako presidentearen hitzaldia goraipatu du: "Zenbat gauza gertatu behar izan dira emakume peronista batek Venezuelako Asanblea Nazionalean hitzaldia emateko eta esan diguna horren argi esateko, balore horrekin, su aberkoi horrekin!".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea