Mundua -
Novosibirsk (Siberia)
17 emakume hil eta zatitu dituen gizon bat atxilotu dute Errusian
Ustezko maniakoak sexu-harremanak izan zituen biktimekin (horietako batzuk prostitutak ziren), eta, ondoren hil, zatitu eta gorpuzkiak hiri osoan sakabanatu zituen.
Agentziak | Erredakzioa
Errusiako Poliziak 51 urteko gizon bat atxilotu dute Novosibirsk (Siberia) hirian, 1998 eta 2006 artean 17 emakume hil eta zatitzea egotzita, Errusiako Instrukzio Batzordeak (CI) jakinarazi duenez.
Bertako komunikabideen arabera, ustezko maniakoak sexu-harremanak izan zituen biktimekin (horietako batzuk prostitutak ziren), eta, ondoren, hil, zatitu eta gorpuzkiak hiri osoan eta eskualdean sakabanatu zituen.
2007an, hilketa “ikaragarriak” zirela onartu zuen Alexandr Bastrikin CIko buruzagiak, eta krimen horien egilea “maniako deabruzale bat” zela esan zuten komunikabide batzuek.
Ikerketak 10 urte iraun du, eta urte horietan guztietan 5.000 gizon baino gehiago galdekatu dituzte eta laginak hartu dizkiete. Gainera, 3.000 herritarrek baino gehiagok lagundu diote Poliziari ikerketa bideratzen.
“Proba genetiko guztiei esker identifikatu ahal izan dute azkenean hiltzailearen genotipoa”, CIk agiri baten bidez azaldutakoaren arabera.