Mundua -

Maiatzaren 6ko bozak

Irabazlerik ez, Britainia Handiko bigarren hauteskunde eztabaidan

Eztabaidaren ostean egindako inkestak ez dira ados jarri irabazle bat emateko orduan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Britainia Handiaren eta Europaren arteko harremana protagonista izan da hiru hautagaien bigarren hauteskunde-eztabaidan. Ez da irabazle argirik izan, inkesten arabera.

Iragan asteko eztabaidan Gordon Brown laborista eta David Cameron kontserbadorea erabat garaitu zituen Nick Clegg liberal demokratak, baina gaurkoan eztabaidarako beta badago, izan ere, debatearen ostean egindako inkestak ez dira ados jarri irabazle bat emateko orduan.

The Sun egunkariak egindako inkesta baten arabera, irabazlea Cameron izan da, baina beste bi inkestatan galtzaile eman dute. ITV eta Channel 4 telebista kateek Clegg jo dute irabazletzat, eta Cameron eta Brown berdinduta direla adierazi dute.

Cleggek zuen presio gehien, maiatzaren 6ko hauteskundeen ustekabe nagusia bihurtu ostean. Gainera, Europaz ongi hitz egiteko arazo gutxi zituen, eta Britainia Handian askotan atzerritar den hitza dirudi.

Kontuzko gaia da, eman ditzakeen baino boto gehiago ken ditzakeelako eta hiru buruzagiek asko neurtu dituzte euren hitzak.

Esandakoak

"Europar Batasunekoak izateko hiru milioi arrazoi ditugu, hiru milioi lanpostu EBren menpe direlako", defendatu du Brownek, eta "Britainia Handiko merkataritzaren erdia eta 750.000 enpresa Europaren mende daude", gogorarazi du.

Cameronek Britainia Handia EBn izatea defendatu du, "nazio komertzial bat garelako", baina Westminsterreko Parlamentuak "Bruselara botere asko transferitu" dituela kritikatu du. Botere horiek berreskuratzearen alde agertu da.

Cleggek Bruselan lan egin zuen eta Europaren alde dago nabarmen, baina oso kartsu azaltzea saihestu du. "EB perfektua ez" dela adierazi du, baina Britainia Handia munduan "indartsuago" egiten du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea