Mundua -
Brasil
Senatuak arratsaldean erabakiko du Roussef kargugabetu edo ez
Presidentearen aurka epaiketa politikoa abiatzeko bozketa egingo dute Goi Ganberan, Auzitegi Gorenak estatubutuaren azken helegitea atzera bota ostean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Brasilgo Senatuak gaur arratsaldean erabakiko du Dilma Roussef herrialdeko presidentearen aurka epaiketa politikoa abiatu edo ez, kargutik kentzea helburu.
Goi Ganberak epaiketa egitea erabakiko balu, agintaria behin-behinean kargugabetuko lukete, sei hilabetez, eta Michel Temer presidenteordeak hartuko luke agintea.
Roussefen aurkako prozesua abenduan abiatu zuten, Diputatuen Ganberak izapideak hastea onartuta.
Oposizioa indartsu helduko da gaurko bozketara. Izan ere, inkesten arabera, aise lortuko du presidentea behin-behinean kargugabetzeko beharrezkoa den gehiengoa. Hain zuzen ere, 81 senatarietako 41en babesa behar da estatuburua epaitzeko, baina oposizioak 54ra heltzea du helburu, kopuru hori beharko baitu epaiketa egin eta gero egungo presidentea behin betiko kargugabetzeko.
Gaurko bozketa galarazteko helburuz, Estatuko Abokatutza Nagusiak helegitea aurkeztu zuen atzo Auzitegi Gorenean, prozesua baliogabe uztea eskatzeko, baina auzitegiak atzera bota du.