Mundua -
Krisi politikoa
Belgikako Erregeak onartu egin du Gobernuaren dimisioa
Exekutiboaren dimisioa iragan ostegunean aurkeztu zuen Letermek, flandestar liberalak bost alderdik osatzen zuten koalizioa utzi ostean. Exekutiboak azarotik gobernatzen zuen.
Erredakzioa
Yves Leterme demokristauak bost hilabete zeramatzan Gobernua zuzentzen. Exekutiboaren dimisioa onartu du gaur Belgikako Erregeak, eta ohiko gaien ardurarekin jarraitzeko agindu dio.
Exekutiboaren dimisioa iragan ostegunean aurkeztu zuen Letermek, ustekabean flandestar liberalak (Open VLD) bost alderdik osatzen zuten koalizioa utzi ostean. Exekutiboak azarotik gobernatzen zuen.
Bruselako periferian diren biztanleen hizkuntza estatutua adosteko kapaz ez dira izan buruzagi flandestarrak eta frankofonoak, eta horrek krisi politikoa eragin du.
Ostegunetik zintzilik
Letermeren dimisioa iragan ostegunetik zintzilik izan du Alberto II. Erregeak, baina gaur onartu egin du. Blokeo politikoa erabatekoa dela argi utzi du horrek, begiraleen esanetan.
Asteburu honetan, erabakia zintzilik zenean, Brusela-Halle-Vilvoorde (BHV) barrutiko eztabaidan negoziaketak berriz hasteko laguntza eskatu zion Didier Reynders liberal frankofonoen (MR) buruzagiari.
Reynders Jauregian izan da goizean eta erregeari kudeaketen berri eman ostean, ardura hori kentzeko eskatu dio agintariari, Belgikako albiste-agentzia baten arabera. Arratsaldean, Alberto II.k Leterme hartu du eta dimisioa onartu duela jakinarazi dio.