Mundua -
Farmazia-enpresa handia
Pfizerrek AEBn bere farmakoak exekuzioetan erabiltzea saihestuko du
Farmazia-enpresa handiak, hala, bat egiten du Estatu Batuetako eta Europako gainerako konpainiek hartutako erabakiarekin.
Agentziak | Erredakzioa
Pfizer farmazia-enpresa handiak murrizketak iragarri ditu bere produktuetako batzuen salmentan, xede izanik saihestea erabil ditzaten Estatu Batuetan injekzio hilgarriak eragindako heriotza-zigorra duten presoen exekuzioetan.
"Produktu jakin batzuen salmenta ari gara murrizten, Estatu jakin batzuetako exekuzio-protokoloetan parte hartu izan baitute. Pfizerrek gaitzesten du produktu horiek injekzio erabilgarrietan erabiltzea", adierazi du konpainiak ohar batean.
Pfizerren erabakia kolpe latza da heriotza-zigorra aplikatzen duten Estatuentzat; izan ere, "The New York Times" egunkariak jakinarazi duenez, gainerako farmazia-enpresek, Estatu Batuetan eta Europan, hartua zuten erabakia.
Pfizerrek zerrenda bat argitaratu du, non zehaztuta dauden zazpi produktu; horiek, hemendik aurrera, handizkari jakin batzuei bakarrik salduko dizkie. Handizkariek debekatuta izango dute injekzio hilgarrietan erabiltzeko saltzea.
Azken bost urteetan, Europako eta AEBko ia 20 farmazia-enpresak blokeatu dituzte euren produktuak helburu horrekin berarekin.
Injekzio hilgarriak egiteko zailtasunengatik, Estatu batzuk, Arizona edo Texas kasu, Indian saiatu ziren farmakoak erosten, baina produktua agintari federalek konfiskatu zieten Estatu Batuetan heldu zirenean.
Beste metodo batzuk
Hainbat Estatuk beste metodo batzuk erabiltzea erabaki dute; Utahn, adibidez, fusilatze-eskuadroia dute, eta Oklahoman hidrogenoak eragindako asfixia. Hala ere, ez dute praktikan jarri oraindik azken urteotan.
Beste Estatu batzuetan, Texasen bertan kasu, farmakoak laborategi txiki batzuetan lortu dituzte; konfidentzialtasun osoz egiten dute, heriotza-zigorraren aurkakoen mehatxuak saihesteko.
Ohion, aldiz, exekuzioak bertan behera utzi behar izan dituzte, ez dakite noiz arte.