Mundua -
Hildakoen kopurua gorantz doa
39 hildako Barakako merkatuaren kontrako atentatuan Somalian
70 lagun zauritu egin dira lehergailuez Mogadiscio hiriburuko meskita baten kontra burututako bi erasotan.
Erredakzioa
39 lagun hil eta beste 70 zauritu egin dira Abdalla Shideye meskitaren kontra egindako atentatu bikoitzean, Barakako merkatuan, Mogadiscio Somaliako hiriburuan.
Aste honetan Barakako auzoko meskita baten kontra egindako bigarren atentatua da hau. Mogadiscioko eskualde hori Al Shabaab eta Hizbul Islam talde matxinatuek kontrolatzen dute.
Abdalla Shideye meskita Al Shabaab-ko agintariek erabiltzen dute askotan hitzaldiak egiteko. Horrela, hildako asko talde islamista horren kideak, agintariak edo komandanteak izan daitezke.
Lekuko batzuen arabera, Fuad Mohamed Jalaf Al Shabaabeko agintari gorenenetakoa hiltzea izan da atentatuaren helburua.
Atentatuaren egiletza ez da ezaguna oraindik, baina hildakoen kopurua handitu egin daiteke orduak igaro ahala.