Mundua -
Times Square
Pakistango talibanek New Yorkeko atentatu saiakera aldarrikatu dute
Barack Obama AEBetako presidenteak New Yorkeko polizien "ekintza azkarra" goraipatu du. Pakistango zerbitzu sekretuek sinesgarritasuna kendu diote mezuari.
Erredakzioa
Pakistango talibanek Times Square-n, New York hiriko erdigunean, egindako atentau saiakera aldarrikatu dute webgune islamiar batean publikatutako mezu baten bidez.
"Pakistango talibanek New Yorkeko erasoaren erantzuleak dira, Al Baghdadi eta Al Muhajir buruzagi islamiarren hilketa mendekatzeko", dio komunikatuak.
Pakistango zerbitzu sekretuek (ISI) komunikatuan egia dioten zalantzan jarri dute.
"Ezin da frogatu talibanek AEBetako bihotzean atentatu bat egiteko gaitasuna dutela", adierazi du ISIko bozeramale batek. "Aldarrikapena egitea atentatua burutzea baino askoz errazagoa da".
Larunbat arratsaldean New Yorkeko Times Square kalean su hartu zuen ibilgailua bonba-auto bat zela baieztatu du Poliziak. Izan ere, lehergaiak eta tenporizadore bat aurkitu dute ibilgailu barruan.
"Ibilgailua Zazpigarren eta Zortzigarren etorbideen artean zegoen eta bonba-auto bat da", baieztatu du Paul J. Browne New Yorkeko poliziaren bozeramaileak. Ibilgailuan "lehergailu amateurra" zegoen arren, ezbehar hilgarri bat eragin ahal zuen, esan du Michael Bloomberg New Yorkeko alkateak. Autoren barnean propano tangak, bolbora eta gasoleoa bezalako lehergaiak eta tenporizatzaile bat aurkitu dute, The New York Times egunkariak adierazi duenez.
Alarmak atzo arratsaldean piztu ziren, polizia batek auto batek kea zeriola ikustean. Autora hurbildu eta atzeko eserlekuetan pakete bat zegoela ikusi zuen. Horren ostean, matrikula kotxearen markarekin bat ez zetorrela ikertu zuen.
Berehala ondoko kaleak hustu zituzten eta lehergailuetan berezitutako talde bat eta errobot bat bidali zuten ibilgailua ikertzera.
Barack Obama Amerikako Estatu Batuetako presidenteak New Yorkeko polizien "ekintza azkarra" goraipatu du.