Mundua -
Iruzkina
Euroa xahutzen
Greziaren arazoa ez da soilik bere baliabideen gainetik bizi izan dela; horretaz gain, bere kontu publikoen gainean gezurra esan du.
Jesus Torquemada
Grezia Eurogunean egongo ez balitz, aspaldi egin behar zuen orain egin beharko duenaren tamainako gastu publikoaren murrizketa.
Eurogunean egonik, Greziak azken urteotan baldintza onetan lortu ahal izan du kanpo finantziazioa; merkatuak konfiantza kendu dion arte, eta Eurogunean egoteak ere ez dio askorako balio izan.
Greziaren arazoa ez da soilik bere baliabideen gainetik bizi izan dela; horretaz gain, bere kontu publikoen gainean gezurra esan du. Eurogunean sartu ahal izateko Greziak, beste herrialdeek bezalaxe, baldintza ekonomiko batzuk bete behar zituen. Euroa indarrean sartu zenean, 1999an, ez zituen baldintza horiek betetzen, horregatik ez da txanpon bakarraren sortzaileetako bat.
2001ean sartu zen Grezia Eurogunean, baina gerora jakin da statistikak faltsutu zituela baldintzak bete ahal izateko.
Grezia, beraz, ez zegoen euroa erabiltzeko prestatua eta hobe izango zen beste urtebete itxaron izan balu. Hori da hain zuzen ere Europa Erdialdeko bazkide berriak egiten ari direna, Eslovakia eta Eslovenia izan ezik, hauek jada Eurogunean baitaude. Greziak bizi duen krisialdiak erakutsi du moneta bakarrarena oso serio hartu beharreko kontua dela.