Mundua -
Larunbateko atentatu saiakera
40 urteko gizonezko zuri baten bila ari da New Yorkeko Polizia
Ikertzaileek ez dute baztertzen atentatu saiakerak "South Park" saioaren arduradunek jasotako mehatxuekin zerikusia izatea.
Erredakzioa
New Yorkeko Polizia 40 urteko gizon zuri bat bilatzen ari da, larunbatean Times Square plazan izandako atentatu saiakeraren susmagarri nagusi gisa. Une honetan, egileak Pakistango edo Ekialde Hurbileko taldeak diren hipotesiak indarra galtzen ari dira.
Dena dela, oraindik ere teoria ugari daude, eta ikertzaileek ez dute baztertzen gertatutakoak "South Park" saioaren arduradunek jasotako mehatxuekin ere zerikusia izatea, The Daily News egunkariak informatu duenez. Mahoma irudikatzeagatik mehatxatu zituzten, hain zuzen ere.
New Yorkeko poliziaburuak, Ray Kellyk, azaldu duenez, 40 urteko gizonezko zuri bat da une honetan susmagarri nagusia: "Bideo batean atzeman dute, atzera begira West 45 kalera".
"Gizonezkoa alkandora ilun bat kentzen ari zen, eta horren azpian gorri bat zeraman. Alkandora iluna poltsa batean sartu zuen", azaldu du Kellyk prentsaurrekoan, hango hedabideek informatu dutenez.
Bideoa lehergailuak zituen autoa aparkatu zuten lekutik gertu grabatu zuten.
Agintariek Pennsylvaniako turista batek grabatutako beste bideo bat ere badute, eta baliteke horretan susmagarriaren irudi osoa edukitzea.
Talibanen aldarrikapenak sinesgarritasun gutxi
Pakistango talibanek atentatu saiakera aldarrikatu zuten atzo, baina Kellyk esan du oraingoz ez dutela lotura hori egiazkotzat jotzeko frogarik.
Pakistango zerbitzu sekretuek ez diote sinesgarritasuna eman talibanen iragarpenari.