Mundua -
Hiru kazetari desagertuta
Salud Hernandez kazetaria ELNren esku dago, Kolonbiaren esanetan
Gerrillak ez du oraindik ezer ere esan. Kazetariak berehala askatzeko eskatu du bake elkarrizketetan Gobernuak duen ordezkariak.
AGentziak | Erredakzioa
Luis Carlos Villegas Kolonbiako Gobernuko Defentsa ministroak esan duenez, Diego D'Pablos, Carlos Melo eta Salud Hernandez "ELN gerrillaren esku daude". Askapen Nazionalerako Armadak, ordea, ez du halakorik baieztatu.
El Tarra (Santander herritik iparraldera) inguruan egindako ikerketa lanen ondotik egin du iragarpena gobernuak. "Inteligentzia lanen arabera, argi dago ELN Askapen Nazionalerako Armada dagoela bahiketa honen atzean", nabarmendu du Villegasek.
Ministroaren hitzetan, bahiketa izan dela berresteko "nahikoa denbora igaro da". Salud Hernandez kazetari espainiarra larunbatean ikusi zuten azkenekoz, eta bahiketa ikertzen ari ziren RCN taldeko bi kazetariak, astelehenean. "ELNri dagokio hiru lagun hauen segurtasuna bermatzea eta aske uztea", erantsi du.
Villegasek bahiketa eta bake elkarrizketen bilakaera lotu ditu: "Santos presidenteak ohartarazi duenez, ELNk hiru lagun hauek bahituta mantentzen baditu, bake elkarrizketak eten beharko dira",
Bestalde, hiru kazetariak berehalakoan askatzeko eskatu du Frank Pearl bake elkarrizketetarako Kolonbiako Gobernuak izendatutako negoziazio buruak.