Mundua -

7 dolu-egun

Umaru Yar'Adua Nigeriako presidentea hil da

Goodluck Jonathan presidenteordea bitarteko presidente izendatu zuten martxoan eta gaur, karguaren zina egin du. 2011ko hauteskundeak deitu arte, beraz, Nigeriako Gobernuaren agintea izango du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Umaru Yar''Adua Nigeriako presidentea giltzurruneko gaixotasun baten ondorioz hil zen bart 59 urte zituela. Hileta ospakizunak gaur ostegunean izango dira 15:00etan (Euskadiko ordua) eta zazpi dolu-egun deklaratu dituzte. Zazpi egun horietan "Nigeriako bandera haga erdian jarriko dute eraikin ofizial guztietan", Ima Niboro Presidentziako bozeramaileak jakinarazi duenez.

Goodluck Jonathan bitarteko presidenteak karguaren zina egin du goizeko 8:00etan (Euskadiko ordua) Lehendakariaren etxean, Abuyan. Konstituzioaren arabera, 2011 urtera arte presidente izango da, izan ere, orduan amaitzen da agintaldia eta hauteskundeak antolatu behar dituzte.

Horrenbestez, Estatuko Buruzagitzaren ardura izango du Jonathanek eta hurrengo urteko hauteskundeak deitu beharko ditu.

Giltzurruneko gaixotasun larria zuenez, azarotik ez zuen jendaurreko agerraldirik egiten. Pasadan martxoaren 9an, Goodluck Jonathan presidenteordea bitarteko presidente izendatu zuen Parlamentuak.

Yar''Adua, unibertsitate formazioa duen Nigeriako presidente bakarra, 2007an hartu zuen herrialdearen agintea. Nazioarteko ikuskatzaileen arabera, urte horietako hauteskundeetan irregulartasun ugari jazo ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea