Mundua -

Soslaia

Gordon Brown, hanka-sartze ugari egin dituen kudeatzaile oparoa

Ekonomia gaietan aditu da, eta nazioarteko buruzagi askok adibide izan dute, baina ez du karisma handirik, eta hanka-sartze ugari egin ditu bere agintaldian eta hauteskunde kanpainan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gordon Brown lehen ministro britainiarra (1951) hauteskundeetako galtzaile nagusia izan liteke. Izan ere, kudeatzaile bikaina den ospea badu ere, agintaldian eta kanpainan hanka-sartze ugari egin ditu.

Alderdi Laboristak laugarren agintaldi jarraia bilatuko du hauteskundeetan, baina Brown lehen aldiz da hautagai.

Hauteskunde kanpainan haren ospeak txarrera egin du, bi aurkariak gazteagoak baitira eta indartsuago ekin baitiote. Alde hori argiago ikusi da da telebistan emandako hiru eztabaidetan.

Dena dela, lehen ministroaren estrategia bere esperientzia goratzea izan da, eta herrialdeko ekonomia gidatzen hamarkada bat eman duela jarri du horren erakusle.

Baina horrenbeste denbora agintean egon izana ere aurka dauka, batik bat karisma gutxi baitauka, eta Brownek berak ere aitortu du gabezia hori oztopo izan lezakeela berriro lehen ministro izateko.

Kanpainan gehien errepikatu duen mezua, berak baino ezin duela bermatu susperraldi ekonomikoa, kontserbadoreek ezarri asmo duten murrizketak mehatxu baitira.

Hautagai laborista eskoziarra da, Laborismo Berriaren arkitektoetako bat, eta nortasun handia dauka. Baina azken hilabeteetako lehen eskandalua kanpaina hasi baino lehen etorri zitzaion, haren kolaboratzaile batzuek tratu txarrak salatu baitzituzten. Eta kanpainan barrena, boto-emaile bati "intolerante" esan zion. Nolanahi ere, badirudi azkenean bi gertakizun horiek garrantzi txikia izango dutela britainiarren azken erabakian.

Downing Streeten geratzea lortuko balu, garaipen historikoa izango litzateke, azken aldiko berpizkunde handienetakoa izango bailitzateke.

2007ko udan, Tony Blayrrek lehen ministro kargua pasatu zion, eta une horretan ospe handia izan zuen, baina handik eta gutxira bere ibilbide politikoaren hanka-sartze handiena egin zuen: Hauteskundeak aurreratuko zituen zalantza piztu, eta udazkenean guztiz ukatu.

Garai gogorrak

Harrezkero Depresio Handiaren ostean jazotako krisi ekonomiko latzenari aurre egin behar izan dio, baina gai horretan eroso aritu da, ekonomia gaietan jantzia baita.

Krisiari aurre egiteko abiatu zituen neurriak adibide izan ziren nazioarteko buruzagi askorentzat, eta gainera, iaz Londresen G-20 taldeak egindako bileran paper garrantzitsua izan zuela ere txalotu diote.

Baina denbora horretan porrotaren aurpegia ere izan du aurrez aurre, iazko ekainean laboristak hirugarren indar bozkatuena izan baitziren udal hauteskundeetan.

Alderdi barruan aurkari asko agertu zitzaizkion, baina azkenean laboristek hura hautatu dute hautagai Parlamenturako hauteskundeetan.

Oraingoz, Erresuma Batuko hauteskunde sistema bereziari esker, baliteke Brownek agintean jarraitu ahal izatea, inkestetan galtzaile bada ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea