Mundua -
FRANTZIA
Louvre berriro zabalik, uholdeengatik itxita egon ondoren
Joan den ostiraletik egon da itxita, eta, museoko arduradunen hitzetan, galerak handiak izan dira; 120.000 bat bisitari eta milioi eta erdi euro inguru galdu direla esan dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Louvre Museoak gaur, 09:00etan, zabaldu ditu berriro ateak, Parisen izandako uholdeak direla eta bost egunez itxita egon ondoren. Sena ibaia aspaldiko urteotako ur mailarik altuenera iritsi zen, eta museoko artelanak babeste aldera, ateak ixtea erabaki zuten.
Uholdeak izan diren egunetan eraikinera ez dela urik sartu esan dute museoko arduradunek, ohar bidez.
Munduan bisitarik gehien izaten duen museoa da Louvre, eta arduradunek zehaztu dutenez, itxierak galera handiak eragin ditu: 120.000 bat bisitari eta milioi eta erdi euro inguru galdu direla esan dute.
Ostiral goizaldean harrapatu zuen Sena ibaiak mailarik altuena, 6,1 metro. Horren aurrean, 35.000 artelan museotik atera zituzten, urak harrapa ez zitzan.
Larunbaterako ibaiak beheranzko joera hartu zuen, eta artelan gehiago ez ateratzea erabaki zuten.
Museoaren zati garrantzitsuena gaur zabaldu duten arren, Islamaren Arteen departamenduak itxita jarraituko du, harik eta obra guztiak bere lekuan berriro ondo jarri arte.