Mundua -
Burtsa
Giza akats bat izan liteke Wall Streeten beherakada eragin zuena
New Yorkeko Burtsak inoiz izan duen saio dramatikoenetako bat bizi zuen atzo broker batek bilioi hitzaren "b" tekla sakatu zuelako milioi hitzaren "m" tekla sakatu beharrean.
Erredakzioa
Wall Street New Yorkeko burtsak inoiz izan duen saio dramatikoenetako bat bizi izan zuen atzo, Greziako egoerak sortutako urduritasunak bultzatuta eta agian giza akats baten ondorioz. Nasdaq merkatuaren negoziazioak eten behar izan zituzten 20 minutuz eta ikerketa ofiziala abiarazi zuten.
Hainbeste dira denbora tarte horren harira sortu diren galderak, AEBetako Balore Merkatuen Batzordeak eta Lehengaien Etorkizuneko Merkatuaren Batzordeak ikerketa abiarazi dutela.
Wall Streeten izua zabaldu zen atzo eta porrot ere egin zezakeela uste zen, izan ere, Dow Jones indize nagusiak, eta S&' || 'amp;Pk eta Nasdaqek, % 9 inguru egin zuen behera, baina inbertsoreak lasaiago geratu ziren itxiera baino lehen suspertu zelako.
Hasieran, ekonomia adituek Greziaren finantza arazoei eta herrialdeari laguntza ekonomikoa eman diotenen finantza gaitasunari leporatu zieten izua zabaltzearen errua, baina burtsak berriro gora egin zuenean zalantzak sortu ziren.
Orduak pasa ondoren, oraindik inork ez daki zer gertatu den eta giza akats bat izan ote den ikertzen ari dira. Izan ere, Citigroupeko broker batek bilioi hitzaren "b" tekla sakatu omen zuen milioi hitzaren "m" tekla sakatu beharrean, salerosketa operazio batean.
Hedabide espezializatu batzuek diote salmenta erratua Procter &' || 'amp; Gambleren akzioetan gertatu zela, 60 dolarretik 39,37ra jaitsi zirelako.