Mundua -
Gobernu berria eratzeko
Laboristen eta liberal-demokraten arteko negoziazioak, etenda
Downing kaleko 10. zenbakian (Gordon Brown lehen ministroa bertan bizi da), adierazpen ofiziala prestatzen ari dira, porrotaz informatzeko.
Erredakzioa
Erresuma Batuko Gobernu berria martxan jartzeko helburuarekin laboristek eta liberaldemokratek hasitako negoziazioek porrot egin dute, gaur BBC kateak iragarri duenez.
Iturri berdinaren arabera, Nick Clegg-en alderdiarekin izan dituzten kontaktuek ez dute akordiorik lortu.
Downing kaleko 10. zenbakian (Gordon Brown lehen ministroa bertan bizi da), adierazpen ofiziala prestatzen ari dira, porrotaz informatzeko.
Bilera 13:00etan hasi da, David Cameron buruzagi kontserbadorea eta Nick Clegg liberaldemokrata goizean ordubetez bilduta izan ostean.
Hauteskunde-sistema erreformatzeko erreferenduma egingo dutela agindu diote Cleggen alderdiari kontserbadoreek. Hauteskunde-kanpainan akordio batera heltzeko liberalek jarritako baldintza nagusia zen. Itun bat lortzeko nahikoa izatea espero dute kontserbadoreek.
Ziurgabetasuna
"Erabaki bat hartzeko momentua heldu" dela adierazi du gaur Cameronek. Era berean, ziurgabetasun politikoa ez luzatzeko erabakia ahalik eta azkarren hartzea komeni dela onartu du Cleggek, merkatuen urduritasuna histeria bihurtzea saihesteko.
Kontserbadoreek 306 eserleku lortu zituzten eta liberaldemokratekin akordioa lortzen baldin badute, gehiengo absolutua markatzen duen muga gaindituko lukete, 326 parlamentariak, alegia.
Gordon Brown lehen ministroaren laboristek 258 ordezkari lortu zituzten hauteskundeetan, eta liberaldemokraten babesarekin soilik ez lukete nahikoa izango. Horrela, Eskoziako, Galesko eta Ipar Irlandako diputatu abertzaleen babesa beharrezkoa dute.