Mundua -

Bake-akordioa

Santosek demokraziara 'ongietorria' eman dio FARCi

Bestalde, FARCeko buruak esan du "politika" egingo dutela eta Kolonbiako Armadaren "aliatuak" izango direla.

Ban Ki Moon NBEko idazkari nagusia eta Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea. EFE
Ban Ki Moon NBEko idazkari nagusia eta Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea. EFE
Ban Ki Moon NBEko idazkari nagusia eta Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak adierazi du Habanan (Kuba) adostutako behin betiko su-etenak "FARCen amaiera" dakarrela, eta demokraziara "ongietorria" eman dio gerrillari.

"Enfrentamenduen amaiera ez ezik, FARCek armak betiko uzteko egutegia ere adostu dugu. Horrek FARCen amaiera dakar, talde armatu gisa", esan du agintariak, akordioa aurkezteko ostegun honetan Habanan egindako ekitaldian.

"50 urteko enfrentamenduen, heriotzen, atentatuen eta minaren ostean, amaiera eman diogu FARCekin izandako gatazka armatuari", nabarmendu du, eta bere garaian gerrillaren aurka "irmo" borrokatu zen bezala, orain FARCek "adierazpenak egiteko eta borroka politikoa bide legaletatik jarraitzeko duen eskubidea" ere "irmo" defendatuko duela nabarmendu du.

Bestalde, Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko buruaren esanetan, akordioak ez du esan nahi aldeetako batek irabazi duenik edo bietako bat "galtzaile" denik.

Hitzaldiaren amaieran eta bukaeran, desio bat agertu du Timochenkok: "Hau gerraren azken eguna izan dadila". Halaber, hemendik aurrera Kolonbiako Armada eta FARC bakearen aldeko "aliatuak" izango direla nabarmendu du. "Etsaiak izan ginen, baina aurrerantzean aliatuak izan beharko dugu Kolonbiaren onerako", gaineratu du.

"Orain politika egingo dugu, noski, hori da gure asmoa", azpimarratu du, eta FARCek "adiskidetzearen eta herrialdearen garapenaren alde zeregin garrantzitsua" izango duela aurreratu du.

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia ere izan da ekitaldian, eta akordioak behin betiko bakerako bidea "indartu" egingo duela esan du.

"NBEn dena ematen ari gara negoziazio prozesua bakea ezartzeko prozesu bihurtzeko. […] Egin dezagun lan elkarrekin bake promesa errealitate egin dadin", azpimarratu du.

Raul Castro Kubako presidentea eta Borge Brende Norvegiako Atzerri ministroa ere egon dira ekitaldian, bake-prozesuaren herrialde "bermatzaileak" izan baitira. Nicolas Maduro eta Michelle Bachelet Venezuelako eta Txileko agintariek ere hartu dute parte bertan, herrialde "laguntzaile" gisa.

Besteak beste, agintari hauek ere izan dira Habanan: Danilo Medina (Dominikar Errepublika), Salvador Sanchez Ceren (El Salvador) eta Enrique Peña Nieto (Mexiko).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Albisteak Kolonbia